ERREPORTAJEA

Gazteak, ia urtebete lokaletatik kanpo

Txabi Alvarado Bañares 2021ko mar. 1a, 07:30
Asier Nuñez gazte laudioarra bete lokaleko atea irekitzen. / Aiaraldea.eus

Ia urtebete igaro da Eusko Jaurlaritzak gazteen lokalak ixteko agindua lehen aldiz eman zuenetik. Ordutik hona, horrelako espazioak erabiltzeko ohitura zuten gazteek sozializatzeko gune berriak bilatu behar izan dituzte. 

“Goazen barruko gelara, sarrera nahiko desordenatua dago eta”, esan digu Asier Nuñezek atea ireki duenean. Egia da: sofa eta mahai ugari daude elkarren artean modu kaotikoan pilaturik, lokala aspalditik erabiltzen ez den seinale. Pandemia hasi zenean utzi zioten Nuñezek eta bere kuadrillako gainontzeko kideek Laudioko Latiorro auzoan duten espazioa erabiltzeari, Eusko Jaurlaritzak horrelako guneen itxiera dekretatu zuelako COVID-19aren hedapena ekiditeko beste neurri batzuen artean. 

Orduz geroztik, erabat zaharkitua geratu da gazteak egunero lokaletan sartuta daudenaren ustea. Aldaketa ez da batere erraza izan, Iker Cuadraren arabera: “Lokala zen gure lagun-taldearen harreman puntu nagusia”, azaldu du gazte amurrioarrak, “asko aldatu da gure egunerokoa. Tabernetan geratzen gara egunero. 22:00ak baino lehen etxean egon behar dugunez, goizago ateratzen gara kalera, denbora ondo aprobetxatzeko”. 

Aiala Mendietaren kuadrillak ere badu lokala, baina ez dute horrenbeste erabiltzen. “Tabernetara joatea oso gustuko dugu, eta beste planak egitea”, azaldu du Laudioko gazteak. Ospakizunak egiteko erabiltzen zuten lokala batez ere, “eta festan ateratzen ginenean, tabernetara joan baino lehen”. Hala ere, bestelako ekintza batzuk ere egiten zituzten bertan: pelikulak ikusi, mahai jokoetan jokatu... “Konfiantzazko leku batean egoteko ere erabiltzen genuen, bertan gure kuadrilla bakarrik gaudelako, intimitate handia ematen ziguna”. Hori da Mendietak batez ere faltan botatzen duena lokaletik, baina nabarmendu du ulertzen duela horrelako guneak ixtearen neurria.

Lokalak itxita, kalean edo tabernetan sozializatu behar izan dute gazteek

Egunerokoa guztiz aldatu dela uste du gazteak, baina ez horrenbeste lokalak ixteagatik: “Askoz jende gutxiagorekin erlazionatzen gara, jende berria ezagutzea oso zaila da... eta gure artean nahiko kuadrilla erantzunkorra garenez, ez gara aurretik bezain maitagarriak”, azaldu du laudioarrak, eta gaineratu du gai berdinen inguruan hitz egiteko joera dutela, ez dagoelako gauza asko egiteko aukerarik eta “nahiko bizitza monotonoa” dutelako. “Azken finean, egoera kezkagarria da guretzat, bai osasun kontuan bai ekonomia kontuan eta batez ere, etorkizunari begira. Gazteok kezkatuta gaude”, nabarmendu du. 

Asier Nuñezek, bere aldetik, ez du aldaketa askorik sumatu lokala izan edo ez izatearen artean, lagunen arteko harremanei dagokienez. “Gure egunerokoa antzekoa da orain. Hori bai, ez gara guztiak batera ibiltzen. Taldeka batzen gara, tabernetan... pertsona berdinak biltzen gara beti”, azaldu du gazteak, baina aitortu du lagunen bat ez duela “pandemia hasi zenetik” ikusi. 

Akordioak jabeekin

Erabili ezin badugu, zertarako ordaindu? Galdera hori egin behar izan zioten lokala zuten gazteek euren buruei pandemia hasi zenean. Baina emandako erantzuna ez da berdina izan kasu guztietan. Asier Nuñezen kuadrillak, adibidez, lokalaren jabearekin hitz egin zuen eta oso akordio ona lortu zuten: “Argi eta ur gastuak soilik ordaintzen ari gara, berriz lokala erabiltzeko aukera izan arte. Guk denbora asko eman dugu hemen eta obra asko egin ditugu, eta inoiz ez digute salaketarik jarri. Maizter onak izan gara beti”. Hala ere, beste gazte batzuek ez dute zorterik izan: “Gure hurbileko lagun batzuek lokala utzi behar izan dute, jabeak esan zielako bai ala bai ordaindu behar zutela”. 

Aiala Mendietak ere bere lagunek ere zorte handia izan dute: “Lokala erabili ezin dugun denboraldi honetan ez ordaintzea adostu dugu jabearekin. Aukera izan bezain laster berriz ere ordaintzen hasiko gara”. 

Iker Cuadraren kuadrilla, aldiz, erdibideko akordio batera iritsi da jabearekin: “Alokairuaren %50 ordaintzen dugu orain”. 

Lokalak dituzten jabeak akordioetara iritsi behar izan dira jabeekin. Kasu batzuetan, ezer ez ordaintzea adostu dute. Beste kasu batzuetan, alokairua murriztu diete

Gazteen kriminalizazioa

Poliziak 31 isun jarri zituen urtarrilean Aiaraldean, lonja edo txokoetan ekintzak antolatzeagatik. Ertzaintzak Aiaraldea Hedabideari emandako datuek ez dute zehazten 31 isun horietako zenbat ezarri diren gazteen lonjetan eta zenbat helduen txokoetan. Hala ere, fokua gazteengan jarri dela uste dute erreportaje honetarako elkarrizketatutako pertsonek. 
“Gazteak jarri gaituzte errudun bezala. Egia da lokalean egongo bagina, eta batek positibo emango balu, denok amaituko genukeela kutsatuta; baina berdina izango litzateke txoko batean biltzen diren 40 urteko pertsonen kasuan”, azaldu du Nuñezek, “egia da gazte zarenean gutxiago pentsatzen duzula gauzek izan ditzaketen ondorioetan, baina pertsonaren araberakoa da hori”.

Iker Cuadrak, bere aldetik, aitortu du gazteentzat “oso zaila” izan dela arauak betetzea, “baina ez dugu uste arazoa gazteena bakarrik denik.  Kontziente gara bizitzen ari garen egoera honetaz, baina ulertu behar dute gazteak garela eta adin hau ez dela bueltatuko”. Gazte amurrioarraren ustez, arriskua berdina da gazteen lokaletan eta tabernetan: “Lonja batean positiboren bat egonez gero fokua kontrolatua egongo litzateke, tabernan ez bezala, establezimenduetatik jende asko pasatzen delako egunero”. 

Mendietak ere uste du adinak ez duela zerikusirik arauak hausteko orduan. “Uste dugu denetik dagoela, adinak berdin dio, azkenaldian baieztatu ahal izan dugun bezala”. 

Gazteen aurka eginiko kriminalizazio saiakera ugari egon dira Aiaraldean, zenbait eragilek salatu dutenez. Laudioko Gazte Asanbladak, adibidez, behin baino gehiagotan salatu du Ertzaintzak eta Udaltzaingoak Lamuza Parkean duten presentzia. Asanbladako kideek arabera, ez kasualitatea izan polizia parkean agertzea, eremu horretan gazteen presentzia handia baitago. "Burgesiak pandemiaren aurrean hartu duen erabakia baino ez da", euren ustez.  

Amurrioko parkean ere egon dira antzeko kasuak. Udazkenean mobilizazioak egin ziren bi herrietan, "kriminalizazio gutxiago eta osasun baliabide gehiago" eskatzeko. Dozenaka gazte bildu ziren bi ekimenetan. 

Poliziak 31 isun jarri zituen urtarrilean Aiaraldean, lonja edo txokoetan ekintzak antolatzeagatik

“Albo kalteak”

Gazteen lokalen itxierak “albo kalteak” eragin ditu beste alor batzuetan. Oihartzun zabala izan zuen Gasteizko Gaztetxearen kasuak. Udaltzainak sartu ziren urrian espazioa ixtera, gazte lonja bat zela argudiatuta. 

Aiaraldean antzeko bi kasu gertatu dira. Laudioko Gazte Asanbladak, adibidez, salatu du udalak “gazte lonjen” aitzakia erabili zuela, besteak beste, gaztetxea itxita mantendu behar zela argudiatzeko. Tokiko erakundeak esan du espazioa 2023. urtera arte egongo dela itxita, orduan amaituko baitira Kultur etxeko obrak, aurreikuspenen arabera. Orozkoko Jentilzulo Kulturgunearen kasua ere antzekoa da. Ikasturte hasierarekin batera ireki nahi zuten berriz espazio hori, baina udalak ez zien horretarako baimenik eman, “gazte lokal” bat zela argudiatuta. Jentilzuloko kideek, aldiz, espazioa lonja hutsa baino gehiago dela defendatu zuten: “Jentilzulo herriarena da, auzolana da, euskara da, kultura da, feminismoa da”. Asanblada egin zuten abenduan herritarrei egoera azaltzeko, eta 'Jentilzulo bizirik!' dinamika jarri zuten abian, baina oraindik ez dute lortu espazioa berriz irekitzea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide