ARGAZKI KRONIKA

Manifestazio eta elkarretaratze ugari egin dira Aiaraldean, martxoaren 8a dela eta

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko mar. 8a, 20:26

Amurrion, Arespalditzan, Urduñan, Amurrion, Orozkon, Artziniegan eta Okondon elkarretaratzeak eta manifestazioak egin dituzte 18:00etan eta 19:00etan. Ehunka lagun atera dira kalera aldarri feministak plazaratzera.

Goizean Tubacexeko emakumeen borrokak hartu du protagonismoa, Aiaraldeko Mugimendu Feministarekin batera "pikete feminista" egin baitute. Arrakastatsua izan da deialdia, eta Tubacexeko zuzendaritzako kideek eta lanera zihoazen beharginek autobusarekin batera egin dute buelta. Hala, Laudioko lantegiko funtzionamendua etetea lortu zuten; egun batez bada ere.

Modu horretan salatu dute Tubacexeko beharginen %12 bakarrik direla emakumeak, eta %34 daudela kaleratzeko arriskuan. Ertzaintzak isun eta identifikazioekin mehatxatu baditu ere, pikete feministako kideek euren jarrerari eutsi diote, eta azkenean atzera egin dute poliziak eta autobusak.

Arratsaldeko mobilizazioak

Arratsaldean, berriz, instituzioen urteroko elkarretaratzeek hartu dute lekukoa. Hain zuzen, seietan mobilizatu dira  Arespalditzako ferialean eta Artziniegako frontoian. Aiaran sare moreak egin dituzte zuhaitzetan, eta berdintasunaren aldeko argazki eta mezuekin apaindu dute eremua. Elkarretaratzearen ondotik, puxikekin aireratu dituzte aldarri feministak.

Artziniegan eta Okondon frontoiaren aldamenean elkartu dira herritarrak. Urduñan, Foru plaza izan da Emakume Langileen Nazioarteko Egunaren lekuko. Harri moreen ekimenari amaiera eman diote lehenbizi, elkarretaratzea burutu dute ondoren eta, azkenik, antzerki emanaldia izan dute. Orozkon, ostera, herriko plazan batu dira. 

Amurrion eta Laudion antolatu dituzte manifestazio nagusiak Aiaraldeko Mugimendu Feministako kideek, eta jendetza batu da bi deialdietan. Aretako emakumeek zutabean egin dute Laudiorainoko bidea, eta bertako mobilizaziora atxikitu dira. 

Arrankudiaga-Zollon, aldiz, igandean egin zuten martxoaren 8ari lotutako mobilizazioa, herriko plazan.

Aldarri ugari

Tubacexeko emakumeen lan gatazkak presentzia handia izan du Laudio eta Amurrioko manifestazioetan. Halaber, neska* gazteek hainbat ekimen gauzatu dituzte "Dena aldatu, sistema arrakalatu" lemapean. Emakume pentsionistek bizitza eta pentsio duinen aldeko mezuak zabaldu dituzte, eta Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubidea goraipatu du gaurko egunean. Ikamako ikasleak ere atera dira kalera, bai goizeko mobilizazioetan eta baita arratsaldekoetan ere. 

Horrez gain, zaintza eta zerbitzuetako langileek protagonismo berezia hartu dute. Batetik, ekimenak egin dira edadetuen egoitzetan, babesa adierazi eta lan-baldintzak salatzeko. Ildo beretik, feminismoak Euskal Herrian eta munduan saretutako borrokak izan dituzte hizpide; Argentinan abortua legeztatzea kasu. Emakumeen Mundu Martxa ere gerturatu du aurtengo martxoaren 8ak Aiaraldera. Izan ere, igandean Laudio Ikastolan hitzaldia antolatu zuen Mugimendu Feministak. Feminismoaren olatua, indartsu dagoenaren seinale.

Argazkiak: Izar Mendiguren Cosgaya, Allende Solaun, Naiara Otaola,Txabi Alvarado Bañares, Aimar Gutierrez Bidarte, Samuel Pasandin

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide