Jadanik urtebete igaro da Espainiar Gobernuak itxialdia agindu zuenetik COVID-19 birusaren zabalpenagatik eta une egokia da datu orokorrei begirada botatzeko. Nola ez, birusaren presentziak aztarna sakona utzi du eskualdean ere eta hori hildako zein kutsatu kopuruetan sumatu daiteke. Zehazki, 35 herritar zendu dira Aiaraldean koronabirusa dela eta. Herrika, horrela zenbatu ditu Osakidetzak:
- Laudio: 14
- Amurrio: 9
- Urduña: 4
- Orozko: 4
- Artziniega: 2
- Okondo: 1
- Aiara: 1
Martxoaren 10eko txosten epidemiologikoan euskal osasun zerbitzu publikoak ez zuen hildakorik adierazi ez Arakaldon, ezta Arrankudiaga-Zollon ere.
Ekainetik hona, hildako gutxiago proportzioan
Gogoratu beharra dago Osakidetzak ekainean informatu zuela lehenengo aldiz heriotza kopuruei buruz. Lehenengo 3 hilabeteetako pandemiaren biktimak 23 izan ziren, hortaz, geroztik 12 lagun gehiago hil dira. Egoera larria izanik ere, horrek adierazten du lehenengo hilabeteak askoz bortitzagoak izan zirela.
Hala ere, birusaren eragina bistakoa izan da eta Laudion jazo dira heriotza berri gehienak, 5 guztira. Urduñan ere 4 izan dira eta bana Artziniegan, Amurrion eta Orozkon.
Pandemiaren zabalkundea, geldiezina
Edonola ere, heriotzen kopurua ez bada biderkatu, ezin da gauza bera esan kutsatuei buruz. Ekaina erreferentziatzat hartuta, 418 ziren gaixoak, egun, ordea, 1.846 dira guztira. Hau da, ekainean kutsatu ororen %22,64 erregistratua zegoen eta gainerakoa hurrengo hilabeteetan atzeman dute. Alegia, gorabeherekin izan bada ere, -2. olatua urrian aitortu zen-, tantaka eta proportzioan zabaltzen jarraitu du koronabirusak.
Horrek isla izan du eskualdeko osasun azpiegituretan. Izan ere, Laudion PCR eta antigeno probak egiteko gunea ezarri behar izan dute.
Zehazki, herrika horrela daude datuak:
- Laudio: 798
- Amurrio: 383
- Urduña: 208
- Aiara: 156
- Artziniega: 112
- Orozko: 73
- Okondo: 69
- Arrankudiaga-Zollo: 45
- Arakaldo: 2
- Aiaraldea: 1.846