Fracking Ez Aiaraldeak eskualdeko herritarrak zoriondu ditu gas putzuen proiektuak gelditzeagatik

Aitor Aspuru Saez 2021ko api. 13a, 09:10

Gorbeian egindako mobilizazio baten irudia. / Maddi Isasi

Fracking Ez Aiaraldea plataformak mezua zabaldu du eskualdeko herritarrak zoriontzeko eta eskertzeko egindako ahalegina gas putzuen proiektuak bertan behera uzteko.

Larunbatean jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak uko egin diola, behin betiko, Armentia-2 gas putzua egiteko proiektuari. Horrek suposatzen du, printzipioz, gasa uztiatzeko egitasmoak ere baztertu dituela erakundeak. Fracking Ez Aiaraldea plataformak mezua bidali die eskualdeko herritarrei zein hedabideei horren inguruan.

Taldeak bi helburu izan ditu mezu horrekin. Alde batetik, aldarrikatzea herritarrek egindako ahaleginak Frackinga gelditzeko. Horrela, proba sismikoen kontrako mobilizazioak egin eta Herri Ekimen Legegilea aurrera ateratzeko Aiaraldean 5.000 sinadura baino gehiago jaso izana goraipatu du. Plataformaren hitzetan, askok Aldaketa Klimatikoaren Legeari egotzi diote Eusko Jaurlaritzako erabakia, "baina komenigarria da gogoratzea herri mobilizazioagatik izango ez balitz, Araba eta Bizkaia putzuz josita egongo liratekeela jadanik".

Eskualde eredugarria

Bestetik, Frackingaren kontrako kolektiboak aiaraldearrak eta ingurumena zaintzeko duten grina omendu nahi izan ditu: "Esker hitzak besterik ez ditugu Aiaraldeko herritarrekiko, eskualdea nola zaintzen den erakutsi baitute eta jarraituko dute egiten datozen erronketan; eukaliptoen gehiegizko landaketaren aurka edota ibaiaren osasunaren alde. Mila esker, beraz, bileretan, hitzaldietan eta mobilizazioetan parte hartu duzuenoi, sinatu duzuenoi edota banderola, sudadera eta kamiseta ikusgai izan duzuenoi".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide