Erresistentzia kutxa sortu berri dute Tubacex enpresako langileek grebalarien beharrei aurre egiteko. Izan ere, orain arte hainbat ekimen abiatu dira eskualdean lanuztea babesteko.
Horietara batuko diren hurrengoak Guardian eta Autoglas zein Tubos Reunidoseko langileak izango dira. Hain zuzen, Guardian eta Autoglaseko beharginek bildutako dirua emango diote erresistentzia kutxari bihar 11:30ean Laudioko lantegiaren atean.
Tubos Reunidosekoek, aldiz, jasotako 5.625 euroak emango dituzte toki berean asteartean, 11:00etan. Ekitaldia "tutuekoizleen senidetzea" izendatu dute, eta deialdi publikoa zabaldu dute, nahi duenak batzeko aukera izan dezan. Horretarako, hitzordua Laudioko Eroskiko aparkalekuan jarri dute, 10:45ean.
Aste honetan bertan legeztatu dute erresistentzia kutxa Tubacexeko langileek eta horren helburuak eta funtzionamendua azaldu diote Aiaraldea Hedabideari.