Ekainaren 20an ospatuko da Araba Euskaraz jaia Laudion. Baina hori baino lehen beste ekintza bat egingo du Laudio Ikastolak, datorren igandean: Orientazio proba.
“Laudio modu ezberdinean ezagutzeko aukera” emango du ekimenak, antolatzaileen hitzetan. Bi ibilbide egongo dira, 5 kilometrokoa bata eta 11 kilometro eta 320 metroko desnibelekoa bestea. Biak ala biak aterako dira Aldai plazatik, baina sei txanda finkatu dituzte, jende pilaketak saihesteko: 9:30, 10:00, 10:30, 11:00, 11:30 eta 12:00etan.
50 pertsona egon ahalko dira gehienez txanda bakoitzean. Horregatik, beharrezkoa izango da aurretik izena ematea, www.arabaeuskaraz.eus webgunean. Asteazkena (ekainak 3) izango da horretarako azken eguna.
“Altxorraren bilaren antzeko jolasa” izango da proba, antolatzaileek aurreratu dutenez: “Kasu honetan, partaide/talde bakoitzak egunean bertan jasoko duen mapa baten laguntzaz herrigunean kokatuta dauden ahalik eta kontrolgune (baliza) gehien aurkitzea izango du helburu, ahal den denbora laburrenean”.