EGITARAU OSOA

Aiaraldeko familiei zuzenduta egongo da Araba Euskaraz jaiko egitaraua

Txabi Alvarado Bañares 2021ko eka. 15a, 17:09

Gaur egin dute egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa. / Aiaraldea.eus

Gaur aurkeztu dute egitarau osoa. Ekintzetan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. 

Datorren ekainaren 20an ospatuko da Araba Euskaraz jaia Laudion. Gaur egin dute egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa, Laudio Ikastolan. 

Pandemia egoerara moldatutako eguna antolatu dute, Aiara Murga Egiaren hitzetan. Hala ere, Laudio Ikastolako lehendakariak gaineratu du ospakizunak garrantzitsua izaten jarraituko duela, “Arabako ikastolen hezkuntza proiektuak garatu ahal izateko eta, are gehiago, pandemiak horrenbeste kaltetu dituen euskara eta euskal kulturari bidea (ber)zabaltzeko”.

Bi gune

Bi gune atonduko dituzte egun horretan: Euskararen plaza eta Euskararen basoa. Aldai eta Herriko plazen artean kokatuko dute lehena, eta Lamuza parkean bigarrena. 10:00etan egingo dute irekiera ekitaldia, eta arratsaldera arte luzatuko da egitaraua. 

Musikak protagonismo nabarmena izango du, Go!azenen ikuskizuna eta Maider Zabalegiren edota Aiama eta Aneguriaren kontzertuak egongo baitira, besteak beste. Dantzak ere izango du tartea, Laudioko Akelarre, Itxarkundia eta Untzueta taldeen eskutik. Bertso saioaz, pilota partiduez eta umeentzako jolas eta tailerrez ere gozatu ahalko da. ‘Dekatloia’ da egingo duten jokoetako bat, “euskal kulturan sustraituta dauden euskal joko eta kirolez osatutako topaketa ludikoa”.

Horrez gain, azoka ere egongo da Laudio BHI Institutuko egun osoan zehar, 41 posturekin, “tokiko ekoizleei bidea zabaltzeko”. Tonbola ere burutuko dute, ikastolako familia eta langileen zein herriko merkatari eta ostalarien ekarpenekin, eta Araba Euskarazen denda ere egun osoan zehar egongo da irekita. 

Izen ematea derrigorrezkoa

Antolatzaileek ziurtatu dute ekintza guztietan bermatuko direla COVID-19aren aurkako neurriak. Gauzak hala, beharrezkoa izango da aurretik izena ematea, Laudioikastola.eus atarian. 

Murgak nabarmendu duenez, aurtengo Araba Euskaraz jaia ez da egun bekarrera mugatu. “Hainbat dira ikasturtean zehar burututako jarduerak, eta ekainaren 20an, jarduera sorta horri itxiera emango diogu ibilbiderik eta kontzertu erraldoirik izango ez duen programa batekin”, azaldu du ikastolako lehendakariak. 

Aurtengo Araba Euskaraz jaia “eredu” gisa baliatu nahi dute, datozen urteetako edizioei begira. “Hogei egun falta dira, eta oraindik gehiegi aurreratu ezin dugun arren, datozen urteetarako Araba Euskaraz nolakoa izatea nahi dugun ere prestatzen gabiltza”, aurreratu du Liher Larrea Ibabek, Arabako Ikastolen Elkarteko lehendakariak, “baina, aurtengoa eredugarri bihurtu eta borobil dezagun lehendabizi eta tantaz tanta etorriko dira hurrengoak”.

EGITARAU OSOA

Euskararen plaza (herrigunea):

Herriko plaza (edukiera: 114)
-10:00etan irekiera ekitaldia. Ohi bezala, instituzioetako eta gizarte eragileetako ordezkariak izango dira bertan. 
-11:00 eta 13:00etan Eidabe taldearen “Gora kasete” ikuskizuna, EDPren eskutik.
-16:00etan dantza emanaldia Laudioko Akelarre, Itxarkundia eta Untzueta dantza taldeen eskutik.
-17:30ean zunba tailerra eskualdeko Izaskun del Cerroren gidaritzapean. Saio honetan Araba Euskaraz kantaren koreografia dantzatzeko aukera egongo da.

Aldai plaza (edukiera: 120)
-11:00 eta 13:00etan “3 kluba, Go!azen” kontzertua EITBren eskutik.
-17:30ean “Maider Zabalegi” kontzertu akustikoa

Euskararen basoa (parkea):

Kultura etxeko lorategia (edukiera: 75)
-11:00 eta 13:00etan tailerrak eta jolasak. Bertan herriko Kirikino Aisialdi taldeak eta Aiaraldeko Kokoriko hezkuntza faktoriak tailerrak zein jolasgunea eskaintzeaz gain, Eroskik sukaldaritza ikastaroa eskainiko du.

Kasinoa
-11:00, 12:00 eta 13:00etan ihes gela (edukiera: 18)
-16:00etan karaokea (edukiera: 40)

Pergola (edukiera: 100)
-11:00, 12:00 eta 13:00etan “Kaiku: elikagaien taupadak” antzerkia Kaikuren eskutik.
-16:00etan bertso saioa Laudio eta Arabako bertsolariekin; Izar Mendiguren, Manu Bendala eta Iñaki Viñaspre bertsolariak eta Ainhoa Comas gai-jartzailea.
-17:30ean “Ene bada! Aiama eta Ane Guria” musika emanaldia.

Lamuza frontoia 
-Goizeko 10:00etatik aurrera, Arabako herriarteko eskupilota txapelketako finalak jokatuko dira Pilota Federazio eta Laudioko Herriaren pilota elkartearen eskutik (egun indarrean dauden neurriak kontuan hartuta, ikuslerik gabe).
-16:00etan Dekatloia, euskal kulturan sustraituta dauden euskal joko eta kirolez osatutako topaketa ludikoa. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide