Prentsaurrekoa egingo du Laudioko Udalak bihar eguerdian Latiorron, Gotzone Sagardui osasun sailburuarekin batera. Ander Añibarro alkateak ere hartuko du parte agerraldian, eta "udalerriko etorkizuneko osasun zentroa" aurkeztea izango da helburua, hedabideei bidalitako deialdian zehazten denez.
Azken urteetan talde politiko eta eragile ugarik nabarmendu dute Laudion osasun zentro berri bat behar dela, gaur egungoa txiki geratu dela argudiatuta. Azken urteetan hainbat obra egin dira egungo azpiegituran, espazio berriak atontzeko. Neurologia, oftalmologia, endokrinologia eta kirurgia orokorreko kontsultak jarri ziren 2017an, eta hilabete batzuk beranduago urologiakoa ere gehitu zuten.
Espazio falta are nabariagoa bilakatu da pandemia garaian. Osasun sailak etxola batzuk jarri zituen zentroaren aurrean, PCR eta antigeno probak egiteko. Txertaketak burutzeko, aldiz, Lamuzako Parkeko Musika Etxean jarri dute gunea.