ARGAZKI GALERIA

Bosgarrenaren esperoan, Araba Euskarazen lau ediziok bisitatu dute Laudio

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko eka. 18a, 14:45

Euskara zabaltzea eta Ikastola laguntzea izan dute edizio guztiek ardatz. Urtez urte herritarren memorian iltzaturik geratu diren kantu eta irudiak utzi ditu ospakizunak.

Laudion ospatzen den 5. Araba Euskaraz jaia izango da ekainaren 20koa, aurretik lau ediziok bisitatu baitute udalerria.

1983koa izan zen aurrena; Arabako Ikastolen aldeko jaiaren 3. edizioa izan zen. Izan ere 1981. urtean ospatu zen lehenengo aldiz Araba Euskaraz, Gasteizen. Gaur egun ere, orduko helburu berberak ditu Ikastolen Elkarteak sustatutako ekimenak: Euskara Araban zehar zabaltzea eta Ikastolei bultzada ematea. Laudioko 1983ko edizio hura berezia izan zen gainera, irailerako aurreikusia zegoen arren, abuztu hartan Laudiok pairatu zituen uholdeen ondorioz urriaren 26ra atzeratu zuten. Hondamendi hark ez zuen jaia geratu, COVID-19ak lortu ez duen bezala.

10 urte geroago iritsi zen edizio berri bat antolatzeko ardura Laudio Ikastolara, “Etorkizuna euskaraz” lemapean.

Mende berriak ekarri zuen Araba Euskaraz jaiaren hirugarren edizioa Laudiora. Oraindik ere aise ezaguna den Beldartxo maskota izan zen edizio berri honen protagonista nagusia. Txikia zainduz handitu izan zen edizioko kanta eta Betagarri, Alehop!, SA, La Polla eta Danba taldeetako kideek hartu zuten parte bertan, Ikastolako ikasleekin batera. Hitzak eta musika Benat Mendiguren eta Egoitz Uriartek sortu zituzten. Hain zuzen ere Egoitz Uriarte da edizio honetako abestiaren protagonistetako bat.

2011n ospatu zen azkenekoz Araba Euskaraz jaia Laudion. Egun sargori batek milaka euskaltzale elkartu zituen Laudion, “Araban Bagare!” lemapean, Ikastolari bultzada berri bat emateko.

Amurrion ere

Laudion ez ezik, Amurrioko Aresketa Ikastola ere izan da ospakizunaren lekuko. Lau aldiz ospatu da ikastolen aldeko jai hori Amurrion. 1986. urtean izan zen lehen aldia, 1996an bigarrena, 2005ean hirugarrena eta 2013an, aldiz, azkena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide