TUBACEXEKO EPAIKETA

Epaileen ebazpenaren zain, borrokan jarraitzeko determinazioa adierazi dute Tubacexeko langileek

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko eka. 22a, 23:00

Tubacexeko zuzendaritzak Aiaraldeko lantegietan ezarritako Enplegua Erregulatzeko Espedientea izan dute aztergai atzo eta gaur Justizia Auzitegi Nagusiko Areto Sozialean. Beharginak baikor azaldu dira, eta espero dute epaileek kaleratzeen baliogabetasuna ebaztea.

Bi egunez luzatu da Tubacexeko zuzendaritzak Laudio eta Amurrioko lantegietan ezarritako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen aurkako epaiketa. Bi epaiketa berezitu izan dira, eta Justizia Auzitegi Nagusiko bi areto desberdinen esku dago orain epaia.

Astelehenean TTI lantegietako kaleratzeak aztertu zituzten Garbiñe Biurrin presidente duen aretoan. Epaiketa hasi aurretik epaileek proposamena plazaratu zieten bi aldeei: Enplegua Erregulatzeko Espedientea mahaiaren gainetik kentzea, eta Lana Aldi Baterako Erregulatzeko Espedientea ezartzea, kaleratutako langileak berronartuz. Enpresa Batzordeak proposamena onartu zuen, baina zuzendaritza horren aurka agertu zen.

Asteartean, berriz, Aceralava altzairutegiko kaleratzeen txanda izan da. Juan Carlos Iturri epailearen aretoan gauzatu da bigarren saio hau.

Mobilizazioak Bilbon

Jauregiaren aurrean protesta ekimena egin dute Tubacexeko ehunka grebalarik bi egunetan. Gaur, gainera, martxa egin dute Laudioko piketetik epaitegi atariraino, eta herritar eta enpresa batzorde ugariren babesa jaso dute bidean.

Ebazpenaren zain

10 eguneko epean espero dute jasotzea epaileen ebazpena. Langileak baikor azaldu dira eta kaleratzeen baliogabetzea espero dute: "Frogatuta geratu da enpresak egoera koiuntural bat baliatu zuela neurri estrukturalak ezartzeko". Bien bitartean, borrokan jarraituko dute, "orain arte egin bezala, kaleratu guztiak berronartuak izan arte". 132 egun bete dituzte greba mugagabean dagoeneko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide