Kontatuko diguzue nola bizi izan zenuten 2019ko uztailaren 4an?
Endika Arrazuria: Gu biok elkarrekin geunden prentsan. Arduradun baten deia jaso genuen eta esan zigun Ibairi zerbait pasa zitzaiola. Ez genekien zer.
Korrika joan ginen berak esandako lekura eta Ibai harrapatuta topatu genuen, ez zuen erantzuten.
Sabaira igotzea, garabia hartzea eta makina altxatzea bururatu zitzaigun. Horrela izan zen.
Atera genuen eta ikusi genuen ez zuela erantzuten. Bihotzeko masajea egiten hasi ginen, Tubacex enpresako medikua heldu zen arte. 5 minutu igaro ziren gehienez, azkar bertaratu zen.
Jarraitu genituen suspertzeko saiakerak egiten desfibriladorearekin. Anbulantzia heldu zenean esan zigun egoera ez zela bateragarria bizitzarekin eta horrela bukatu zen dena.
Gutxi gorabehera ba al dakizue zer gertatu zen istripuan? Egun horretan lantegi aurrean egindako bileran langile batzuek aipatu zuten ez zegoela jende nahikorik, adibidez.
E. A.: Ez dakigu zehazki. Jende nahikoa baino, Ibaik bukatu berria zuen Ikaslan plana -Lanbide Heziketako formakuntza duala- eta beste langile bat izango balitz bezala jarri zuten lanpostu batean. Gauzak ondo egiten saiatu zen eta horrek bere aurka egin zuen. Hori da nire iritzia.
Nolako eragina izan zuen istripuak zuengan? Mantenuan lan egiten duzue, buruan gehiago izan duzue arriskutsua dela zuen eginkizuna?
Iñaki Galindez: Industria astunean lan egiten dugu. Akats bakar batek heriotzara eraman zaitzake. Esperientzia gutxi izatea larrutik ordaintzen da.
Hemen gertatu zen Ibai isurketa bat konpontzera joan zela. Arduradunak esan zion leku batetik egiteko, baina ikusi genuenean, beste leku batean zegoen. Isurketaren ondorioz, presioa jaitsi zen eta makina gainean erori zitzaion, zepo baten moduan. Ez dakigu ezta unean bertan zendu zen edo eutsi zion.
Heldu ginenean ez zegoen zer egiterik. Guretzat oso gogorra izan zen. Irudi horiek bizitza osorako geratuko zaizkigu iltzaturik.
"Ikaslan programatik datorren jendea urte gehiagotan trebatu beharko litzateke txandetan lan egin baino lehen, makinak erreparatzen. Tresneria hau ez da gaileta kutxa, industria astuna da"
Gertakariak zer nolako ondorioak izan zuen zuengan? Baja hartu zenuten?
I. G.: Psikologo batekin hitz egitera bidali gintuen enpresak, baina saio bakarra izan zen eta horretan geratu zen dena.
E. A.: Enpresako psikologoa zen. Nire ustez, ez zuen ezertarako balio izan. Inork ez zuen bajarik hartu. Guztiok ginen talde eta txanda berekoak eta etortzen jarraitu genuen. Talde baten moduan aurre egiten saiatu ginen.
Esaterako, Iñakik oporrak zituen eta aldatu zituen. Etorri zen lanera arduraduna bakarrik ez uzteko. Guztion artean saiatu ginen ahalik eta hoberen gainditzen gertatutakoa eta buelta gehiegi ez ematen buruari.
I. G.: Hala ere, makina horren aurrean pasatzeak oroitzapenak ekartzen ditu. Nekez joaten gara makinara matxuratzen denean, irudiak ditugu buruan.
Zerbait aldatu da segurtasunaren eta prebentzioaren aldetik enpresan?
E. A.: Ez. Ez da ezer egin. Mantenuak berdin jarraitzen du.
I. G.: Berdin jarraitzen du guztiak. Taldeak ez dira indartu. Egia da makinak seguruagoak bilakatzen saiatu direla, baina langileei dagokienez, ez da trebakuntza gehiagorik eman ez ezer.
Zuen ustez, zeintzuk ziren hartu beharreko gutxieneko neurriak, ez direnak hartu?
I. G.: Nire ustez, Ikaslan programatik datorren jendea urte gehiagotan trebatu beharko litzateke txandetan lan egin baino lehen, makinak erreparatzen. Tresneria hau ez da gaileta kutxa, industria astuna da. Edozein istripu larria da, ez duzu hatza galduko, baizik eta eskua, oina edo bizitza, zuzenean.
Oso ondo jakin behar duzu zer egiten duzun eta horretarako ezinbestekoa da esperientzia, urteak, edo ofizialarekin egotea. Hala eta guztiz ere, istripua gerta daiteke.
Enpresa honetan eta gainerakoetan ere, suposatzen dut, galdu da ohitura eta langile berria ez dago ofizialarekin hainbat urtez, bera ofiziala izateko gero. Presaka egiten da, eta denbora gutxian eskatzen zaie berriei lan egitea 30 urte lanean daraman ofizial bat bezala. Hori ezinezkoa da.
"Berdin jarraitzen du guztiak. Taldeak ez dira indartu. Egia da makinak seguruagoak bilakatzen saiatu direla, baina langileei dagokienez, ez da trebakuntza gehiagorik eman ez ezer"
Ibairen heriotzaren bigarren urteurrena hemen dago, zuek nola daramazue?
I. G.: Uztaila heltzen denean, guztiok dakigu zein den data.
E. A.: Eguna heldu baino lehen, guztiok dugu buruan data eta egun batzuk lehenago eta egun batzuk geroago burura etortzen zaizkizu Ibairen irudiak eta berarekin bizitako uneak.
Nik bi urtez jokatu nuen berarekin futbitoan eta ondo ezagutzen nuen, gertutik bizi izan nuen. Harreman oso ona genuen. Oroitzapenak ekartzen dizkit. Berari buruz pentsatzen dudanean, saiatzen naiz beti futbitoarekin lotzen, eta ez lantegiarekin. Lantegian beti egongo da orban beltz hori. Zerbait ona pentsatzen dudanean, beti dago lantegitik urrun.
I. G.: Oso mutiko jatorra zen. Berak gainerakook egin dugun berdina egin zuen: hona sartzea eta dena ematea geratzeko, eta zorte txarra izan zuen.