Atzo publiko egin ziren TTI eta Aceralava enpresen epaiketen sententziak. Biek ebatzi zuten 129 kaleratzeak nuluak zirela eta ezer ezean utzi zituzten Tubacex taldeak erabilitako argudioak.
Albistea poztasunez jaso zuten atzo langileek, epaiek multinazionala derrigortzen baitute behargin kaleratuak berriro onartzera. Alegia, sententziak argitaratu bezain pronto, enpresak altan eman behar ditu euren borondatearen aurka kaleratutako langile guztiak eta soldatak ordaintzen hasi. Horretarako 5 eguneko epea dauka Tubacexek, eta egingo ez balu, sindikatuek salatuko lukete, sententzia egikaritu dezaten epaitegiek.
Lanera itzuliko dira?
Edonola ere, epaiketa irabazi izanak, antza, ez du ziurtatzen kaleratuak euren lanpostuetara itzuliko direnik. Zehazki, euren eskubidea itzultzea bada ere, ITP konpainiak irekitako bidea har dezake zuzendaritzak. Hau da, beharginei soldata ordaintzea, baina ez baimentzea lantegietara edo bulegoetara itzultzea, lan falta argudiatuta.
Jagoba Luengas lan esparruko abokatuak argitu duenez, 297.2 artikuluak horretarako tartea ematen dio enpresari.
Sindikatuen susmoa da enpresak erabakiko duela berriro onartu behar dituen langileak etxean uztea, lan karga urria duela argudiatuta
Dagoeneko Tubacexeko zenbait sindikatuk susmo hori daukate eta gaur bertan bilera egingo dute epaien ostean zer egin adosteko.
Helegitea
Bestalde, EAEko Auzitegi Nagusiaren sententzien kontrako helegitea jartzeko 5 egun ditu Tubacexek. Berez, enpresak maiatzean aurreratu zuen hori egiteko asmoa duela.
Epaitegietako bidea asko luzatzea ekarriko du horrek, Espainiako Auzitegi Gorenak bere iritzia eman beharko baitu kasuen inguruan. Jagoba Luengas abokatuaren iritziz, horrek urtebetez luzatuko luke prozesu osoa, gutxienez.
Norbanakoen salaketak
Salaketa kolektiboak ez ezik, langile kaleratuen norbanakoen salaketak ere daude. Alegia, bi sententziek aipatu dute zenbait afera (generoan oinarritutako bazterketa edo eskubide sindikalen urraketa) baloratu daitezkela epaitegietan, EAEko Auzitegi Nagusiak alboratu dituen arren.
Edonola ere, salaketa horiek geldirik daude momentuz, ezinbestekoa baita helegiteak bere ibilbidea amaitzea. LAB sindikatuko abokatuak hala adierazi du: "Lehenik eta behin, helegitea ebatzi behar da. Langile bakoitzaren salaketari buruz erabakitzeko. Epaileek helegitearen emaitza izan behar dute, sakontasun osoz hautatzeko zer egin".
Ez da hori helegitearen menpe geratuko den erabaki bakarra. Luengasek gogoratu du langile kaleratuek apiriletik uztailera bitarteko soldatak ere jaso beharko lituzketela, baina hori ez da posible izango epaiketak bide osoa amaitu arte.
Greba
Tubacexeko greba Aiaraldean 147 egun bete ditu gaur, eta epaiketak irabazi eta kaleratzeak nulu izan arren, sindikatuek ez dute momentuz lanuztea bertan behera utzi.
Esan bezala, gaur izango dute bilera hurrengo urratsak eztabaidatzeko, baina zuzendaritzaren jarrerak ere zerikusia izango du eta, momentuz, ez dirudi greba etengo denik. Gaur ere piketeak egon dira fabriken sarreretan.