EAEko Justizia Auzitegia Tubacexeko kaleratzeak baliogabetu ostean, kaleratuak izan ziren 129 langileak berrartzeaz gain, hauei zor zien soldata ordaintzera derrigortuta dago zuzendaritza.
Enpresak, bere aldetik, langileak lanera bueltatzen ez uzteko erabakia iragarri zuen sententzia ezagutu eta bost egunera, PCB-ITP Aeroko eredua jarraituz. Berrartutako langileak etxean geratuko dira soldataren %100 jasotzen, baina lanik egin gabe, eta bitartean hauen irteera bultzatuko du zuzendaritzak, kasu bakoitza banan banan aztertuz. Gauzak horrela, uztailaren 7tik aurrera dagokien lansaria jaso beharko dute berrartuak izan diren langileek, plus guztiak barne.
Egoera horren asurrean diru hori kutxa komun batean biltzea erabaki dute, greba mugagabearen mesedetan, beharra duten langile guztien artean banatzeko.
Greba mugagabearen mesedetan, soldaten dirua kutxa komun batean biltzea erabaki dute, beharra duten langile guztien artean banatzeko
Erabaki honek bultzada berria ematen dio 156. eguna bete duen lanuzteari. Aste honetan iragarri bezala, Enpresa Batzordeak atal sindikalen esku utzi du grebaren etorkizunaren gaineko eztabaida, behin betiko erabaki bat hartu aurretik. Gauzak ondo bidean, astelehenean batzartuko dira ordezkari sindikal guztiak hurrengo urratsak definitzeko. Bien bitartean, ELAk eta LABek publiko egin dute grebarekin aurrera egiteko hartutako erabakia.
120 bozka greba mugagabearen alde
ELAk gaur goizean ospatu du afiliatuen asanblada. Greba mugagabearekin zer egin erabaki dute bertan bozketa bidez. Afiliatuen bi herenek babestu dute grebarekin aurrera jarraitzeko planteamendua, horren aldeko 120 botorekin. Beste 48 afiliatuk greba uztearen alde egin dute, eta 6k boto zuria eman dute.
Grebaren aldeko apustua eginda, erabakia asteleheneko Enpresa Batzordean aurkeztuko du ELAk. Zuzendaritzari eta Eusko Jaurlaritzari mezua helarazi diete ere sindikatuaren asanbladatik, sententzian jasotakoa bete dadin exijituz.
#Tubacex|en grebarekin jarraitzea erabaki du ELAren atal sindikalak❗️
— ELA sindikatua (@ELAsindikatua) July 16, 2021
120 boto #greba|ren alde https://t.co/dwiZbBc6Sy#TubacexBorrokan #TubacexKaleratzerikEz pic.twitter.com/ECOn5WfN4g
"Atzera pausorik ez"
Atzera pausorik ez emateko deia egin du, bere aldetik, Tubacexeko LABen sail sindikalak. Greba mugagabearekin aurrera jarraitzeko erabakia hartu du ere sindikatu abertzaleak: "Horrela nahi duten langile guztiak beren lanpostuetan berriro onar ditzatela eskatzen dugu".
Pisuzko bi arrazoi eman ditu LABek mobilizazio mugagabearekin aurrera jarraitzeko: Langileak etxean uzteko enpresak hartutako erabakia eta Auzitegi Gorenean aurkeztutako helegitea kendu ez izana. Sindikatuaren iritziz, bost hilabeteren ostean greba bertan behera uzteak kaleratuak izan ziren langileen eta euren familien etorkizuna Madrileko auzitegiaren esku jartzea litzateke. LABek uste du langileek, gizarteak eta legeak bermatutako indar-posiziotik, "indar handiagoz eskatu behar dela lankide horiek beren lanpostuetara itzultzea gainerakoen baldintza berberetan". Gaur egungo zuzendaritzaren dimisioa ere eskatu du sindikatuak.
Horrez gain, Garbiñe Aranburu Idazkari Nagusiaren bisita jaso dute gaur LABeko afiliatuek eta Tubacexeko langileek Amurrioko piketean bertan. Aranbururekin batera , Xabier Ugartemendia eta Iratxe Azkue sindikatuko kideak ere egon dira. Tubacexeko langileekiko konpromisoa berretsi nahi izan du sindikatuak modu horretan.
156. GREBA EGUN
— LAB Tubacex-Acva. (@labtubacex) July 16, 2021
Gaur Garbiñe Aranburu, Xabier Ugartemendia eta Iratxe Azkue LABeko kideon bisita izan dugu.
Ikuspuntuak zein bizitakoa konpartitu dugu, eta batez ere LABen borrokarekiko konpromezua berretsi dugu.
GORA LAB!!@aiaraldea @labtri_ @LABmegatech #Tubacexborrokan pic.twitter.com/VgYeNU4UKl