Negoziaketa erreal bat eskatu dio Enpresa Batzordeak Tubacexeko zuzendaritzari

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko uzt. 23a, 20:00

Tubacexeko Enpresa Batzordeak Bilbon egindako manifestazio bat. / Aiaraldea.eus

Tubacexeko Enpresa Batzordearen gehiengoak aho batez ebatzi du multinazionalak aurkeztutako proposamena ez dela nahikoa, eta negoziaketa prozesu bat zabaltzeko eskaera luzatu diote zuzendaritzari. Gaur iraungitzen zen multinazionalak asteartean, Eusko Jaurlaritza bitartekari zela, aurkeztutako eskaintza.

Uztailaren 23a zuen Tubacexek lantegietan funtzionamendua abiatzeko epemuga, iragan asteazkenean Industria Sailaren bidez sindikatuei luzatutako proposamenaren arabera. Enpresa Batzordearen gehiengoaren iritziz, ordea, enpresak aurkeztutako dokumentua ez da nahikoa. Hori dela eta, negoziaketa prozesu bat abiatzea eskatu diote multinazionalari, dagoeneko bost hilabetez luzatu den lan gatazkari irteera bilatzeko.

Horrela ebatzi du Tubacexeko gehiengo sindikalak gaur egindako bileran, ELA, STAT eta LABen aldeko botoekin. Langile guztien etorkizuna bermatuko duen proposamena erdietsi nahi du Enpresa Batzordeak multinazionalari proposatutako negoziaketarekin. Bide beretik, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin biltzea eskatu dute ere.

Industria Saila izan zen, hain zuzen ere, Tubacexek sindikatuei proposamena helarazteko erabilitako bitartekaria. Enplegua Erregulatzeko Espedientearen bidez kaleratuak izan ziren 129 langileek euren lanpostuetara bueltatzeko aukera zabaltzen zuen zuzendaritzak, Justizia Auzitegi Nagusiko epaiak kaleratzeak baliogabetu ostean eskatu bezala.

Inkorporazioa era mailakatuan egiteko asmoa adierazi zuen Tubacexek, uztailaren 26tik urriaren 30era. Berrartutako langile guztiak, gainerakoekin batera, irailetik aurrera abian jarriko den Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen barruan sartuko lirateke. Proposamenak, ordea, hainbat aldagai uzten zituen zehaztu gabe, hala nola Madrileko Auzitegi Gorenean aurkeztutako helegiteak aurrera jarraituko zuen edo ez.

Tubacexen proposamenak eta atzo Bilbon zuzendaritzarekin egindako bilerak hainbat zalantza juridiko sortzen dituela azaldu du ELAk ohar batean, hala nola, aurre-jubilatuen kolektiboa handitzeko aukera edota baja boluntarioak aurkezteko prozesu berri bat abiatzea. LAB sindikatuak, bere aldetik, grebalarien "determinazioa eta konpromisoa" txalotu ditu, gaur eskatutako negoziaketa prozesuak langile guztien lanpostua bermatzea ekarri dezakeela nabarmenduta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide