Laudioko lantegian elkartu dira Tubacexeko Enpresa Batzordeko ordezkariak eta multinazionaleko zuzendaritza lan gatazkari irtenbide bat bilatzeko helburuarekin.
8:00etan iritsi dira zuzendaritzako kideak lantegira. Bi autobusetan eta ertzaintzaren dispositibo zabal batez inguratuta egin dute sarrera, autobusetan, duela hilabeteak ikusten ez zen irudia errepikatuz. Ordezkari sindikalak 10:30ean sartu dira bilerara, piketean bildutako dozenaka lagunen txaloen artean.
Dozenaka poliziaren babesean sartu dira Tubacexeko zuzendaritzako kideak Laudioko lantegiaren barruan. 10:30ean bilduko dira enpresa batzordearekin #tubacex pic.twitter.com/PG1jMgHezS
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) July 26, 2021
10 orduko bilera
Bilera 10 orduz luzatu da eta bi aldeen proposamenek mahaigainean egin dute talka. Madrilgo Auzitegi Gorenean enpresak jarritako helegitea erretiratzea eskatu dute langileen ordezkariek, eta baja boluntarioen eta aurre-jubilazioen plan berri bat martxan jartzea proposatu diote multinazionalari. Horrez gain, lan hitzarmenean adostutako zenbait kontu aldatzea proposatu dute ere: langileek uko egingo liokete bertan hitzartutako kontratazio berrien konpromisoari eta enpresak, ordainetan, azpi-kontratazioei egin beharko lieke uko.
Enpresak, bere aldetik, kontrako norabidean jo du. Ez dio uko egin helegitea erretiratzeari ez eta Enplegua Erregulatzeko Espedientearekin aurrera jarraitzeko asmoari, justiziak horrela ahalbidetuko balu. Aurreko asteko proposamenean adierazi bezala, eutsi egin dio EEEak kaltetutako langileak berronartzeko asmoari, baina Auzitegi Goreneko epaia atera arte soilik.
"Multinazionalaren asmoa greba mugagabea berehalakoan bertan behera uztea da", adierazi dute Enpresa Batzordeko kideek, "gu ere greba bertan behera uzteko prest gaude, behin gure helburuak lortuta".
Greba mugagabea aurrera
166. eguna bete dute gaur Tubacexeko beharginek greba mugagabean eta gehiago beteko dituzte. Izan ere, Enpresa Batzordeko gehiengoak lanuztearekin aurrera jarraitzea ebatzi du, multinazionalak aurkeztutakoa nahikoa ez dela iritzita.