LAIA Aiaraldeak ikasturte berriko programazioa aurkeztu du

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko ira. 16a, 21:16

Eskualdeko udal ordezkariak LAIA Aiaraldearen programazioaren aurkezpenean. / Aiaraldea.eus

Bost urte bete ditu Aiaraldeko LAIA emakumeen ahalduntze eskolak, eta ikasturte berrirako programazioa aurkeztu du gaur Okondon.

Bost urte bete berri ditu Aiaraldeko LAIA Emakumeen Jabekuntzarako eta Berdintasunerako Sareak, eta gaur bere bosgarren edizioa aurkeztu du Okondoko Kultur Etxean egindako ekitaldian. Jarduera sorta oparoa prestatu dute Aiaraldeko Udalerrietan. Encina Castresana Aiarako Kuadrillako presidenteak balioan jarri du bost urteko ibilbidea, "gizarte justuago eta feministago bat eraikitzea" helburu.

Jardueren presentzialtasuna bermatzea izan da ikasturte berriko egitarauaren erronka nagusietako bat, baina online eskaintza mantentzeko apustuari eutsiz. "Uste dugu inoiz baino gehiago behar ditugula honelako guneak, elkarrekin egoteko, kontatzeko, prestatzeko eta zaintzeko. LAIA Aiaraldea horretarako gunea da, Aiaraldeko emakume guztien eskola irekia delako, sarea egiteko asmoa duena, sarean biltzeko eskola", azaldu dute programazioaren aurkezpenean.

Orotariko ekintzak barnebilduko ditu LAIAren programazio berriak: irakurketa klubak, hitzaldiak, tailerrak, bideo-forumak edota jardunaldiak. Horien artean nabarmentzekoak dira datorren irailaren 25ean Artziniegan lehendabiziko aldiz ospatuko diren Jardunaldi Feministak. Udalerriko mugimendu feministak, Artziniegako Udalarekin elkarlanean, urteroko erreferentzia feminista izateko bokazioa duten jardunaldiak prestatu dituzte.

Okondon, aldiz, Emagin Elkarteak dinamizatutako Gure genealogia feministak lantegia burutuko dute  urriaren 29an, azaroaren 5ean eta 19an. Tailerraren helburua da feminismoari buruzko prestakuntzaren bitartez herrian talde feminista sortzen laguntzea.

Laudion (Ya no) Soy esa liburua aurkeztuko du Irantzu Varela idazle eta ekintzaile feministak azaroaren 16an, eta Aiaran iaz abiatutako biodantza tailerrari helduko diote aurten berriro ere.

Afrikaldia

Jarduera eskaintza zabalaren barruan Afrikaldia izeneko afrikar zinema zikloa abiaraziko du aurten LAIAk. Afrikan egindako film feministen zikloa prestatu du ahalduntze eskolak Kultur Bandera eta Manuel Iradier elkarteekin elkarlanean, emakume anitzen bizi-egoerei buruzko eztabaida eta hausnarketak piztea helburu.

Guztira 10 film bildu dituzte, eta saioak laia.araba.eus atarian, sare sozialetan hileroko buletin digitaletan eta herrietako karteletan iragarriko dira.

Bost urte

2016an sortu zen LAIA Eskola, Gasteizko Jabekuntza Eskolari lotua. Bost urteko ibilbide honetan espazio propioa bereganatu du Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako jabekuntza eskolen artean, eta LAIA eskola da udalerri maila gainditu eta herrialde osoan garatutako gisa honetako lehen egitasmoa.

Geroztik, hamaika izan dira Araban, eta zehazki Aiaraldeko udalerrietan, egindako jarduerak. Amurrioko Antzokian ospatu zuten orain arteko ibilbidea, iragan irailaren 11an egindako ekitaldian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide