Eusko Jaurlaritzak Tubacexeko akordioaren sinaketa atzeratu nahi du CCOOk bere jarrera argitu arte

Aitor Aspuru Saez 2021ko urr. 3a, 10:31

Bihar piketeek jarraituko dute Tubacexen, ez baitago greba bertan behera uzteko akordiorik./ Aiaraldea.eus

Enpresa Batzordeko presidenteak bilera eskatu dio Eusko Jaurlaritzari akordioa sinatzeko, baina erakundeak adierazi dio nahiago dutela itxarotea CCOOk behin betiko jarrera hartu arte.

Tubacex enpresako akordioaren sinaketak airean jarraitzen du oraindik. Nahiz eta ostiralean indar sindikalen afiliazioek -ELAkoak eta CCOOkoak- ontzat eman zuten dokumentua, ez dago argi zuzenean onartuko dituzten Eusko Jaurlaritzaren, multinazionaleko zuzendaritzaren eta Langile Batzordearen artean negoziatutako baldintzak.

Izan ere, CCOOk bere afiliatuei iragarri zien soilik jarriko zuela sinadura itunean gehiengo zabalak babestuko balu, eta ez da horrela izan, STATek eta LABek aurka egin eta Independenteek behargin guztien bozketa eskatu baitzuten.

Hala ere, Enpresa Batzodeko presidenteak astelehenean bilera egitea eskatu die Eusko Jaurlaritzako ordezkariei. Edu Ibernia ELAko kideak ulertzen du gehiengoak bozkatu duela akordioaren alde eta, ondorioz, aurrera egin beharko luketela, hasierako planari jarraiki.

Edonola ere, Eusko Jaurlaritzak erantzun dio nahiago dutela CCOOren behin betiko erantzuna ezagutu arte itxarotea.

Bihar 09:00etan batzarra

Gauzak horrela, bihar batuko dira 09:00etan berriro Tubacex enpresan ordezkaritza duten eragile sindikalak, CCOOk eskatuta. Sindikatu horrek aipatu zuen ostiralean langile ororen bozketa proposatuko duela egoera desblokeatzeko, eta litekeena da STATek eta Independenteek proposamena babestea. Alegia, ostegunean bi antolakunde horien iritzia zen hobe zela horrela egitea, sindikatuen afiliatuen iritziarekin soilik egitea baino.

Printzipioz, ELAren asmoa da eustea osteguneko planari. "Adostu genuen afiliazioek bozkatzea akordioaren onarpena eta horrela egin dugu. Ez diot zentzurik ikusten bozketa errepikatzeari. CCOOk aukera hori babestu zuen eta ez dut ulertzen iritzi aldaketa" adierazi du Edu Ibernia Langile Batzordeko presidenteak.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide