Atzo sartu ziren lehenengo aldiz beharginak Tubacexeko lantegietan, 236 eguneko grebaren ondoren. Gatazka izugarri luzea izan da eta ez dago argi zer nolako orbainak utziko dituen faktorien barruan. Hau da, ikusteke dago zein harreman egongo den grebalarien eta eskirolen artean, baita ahaldundu den langile kolektiboaren eta zuzendaritzako kargu gertukoenen artean ere.
Horrek guztiak espekulaziorako tartea ematen du, baina zalantza izpirik gabe adierazi daitekeena da Tubacexeko borroka aro hau ez dela guztiz itxi. Izan ere, beharginen artean lau dira epaitegien erabakiaren zain daudenak. Horrez gain, piketeetan aritutako beste hiru lagunek antzeko akusazioei egingo diete aurre (desordena publikoak eta autoritatearen kontrako atentatua).
Tubacexeko langile auziperatuei dagokienez, hiru atxilotuak izan ziren otsailaren 23an. Grebalariek eserialdia eginda itxi zioten bidea zuzendaritzako autobusei eta liskarrak jazo ziren beharginen eta poliziaren artean.
Ondorioz, protesta kriminalizatzen hasi zen komunikabideetan eta Ertzaintzaren sindikatuen aldetik, eta segurtasun indarren eta grebalarien arteko tentsioak okerrera baino ez zuen egin hurrengo hilabeteetan.
Gogoratzeko modukoa da atxilotutako hiru langile horien artean Ertzaintzak bi harrapatu zituela euren itxurengatik (batak iruditeria antifaxista zeraman gainean eta bestea ere beltzez jantzita zegoen, txanoa jarrita). Ordea, greba kriminalizatzeko saiakerak huts egin zuen, atzemandako pertsona guztiak baitziren grebalariak.
Gauzak horrela, Ertzaintzak estrategia aldatu zuen eta beharginak ez ziren beste hiru gazte salatu zituen handik hilabete bira, euren kontakizuna sendotzeko eta langileak ez zirenei egozteko martxoaren 25ean egondako talkak:
Baina, tamalez, jokaldia ez zen hor geratu. Hiru gazteak Amurrioko epaitegira deklaratzera joan zirenean, Ertzaintzak epaitegi aurrean bildutako grebalariak jipoitu eta horietako bat -emakume langilea- atxilotu zuten.
Hortaz, hiru behargin daude gutxienez epaiketaren zain eta oraindik argitzeke dago identifikatutako beste hainbeste grebalariri isun administratiboa helduko ote zaien. Horren adibide argiena protestaren azken egunetan eman zen:
Horregatik guztiagatik, ez da komenigarria ahaztea Tubacexeko gatazkaren sua ez dela guztiz itzali eta oraindik espetxe mehatxua egon daitekela hainbat grebalarien gainean. Hori dela medio, Erresistentzia Kutxa bezalako ekimenek jarraitzeko beharra izango dute.