Tubacexeko zuzendaritzak, ELAk, CCOOk eta Independenteek dokumentazioa aurkeztu dute epaitegian akordioa homologatzeko

Aitor Aspuru Saez 2021ko aza. 11a, 21:15

Greba urrian amaitu bazen ere, epaileek ez dute akordioa legalki onartu. / Aiaraldea.eus

Prozesua atzerapenarekin egiten ari da bere ibilbidea. Zenbait oztopo topatu ostean -besteak beste, STATen ezezkoa akordioari oniritzia emateko-, dokumentazioa aurkeztu dute ados jarri ziren aldeek.

Tubacex enpresako grebari urriaren 4an amaiera eman zion akordioa gauzatzeko urrats garrantzitsua egin dute gaur, bereziki, kaleratutako langileak berriro itzuli, irteera boluntarioak onartu eta aurretik erretiratu nahi diren beharginen borondateari bide emateko.

Horretarako, ELA, CCOO eta Independenteak sindikatuek, enpresako zuzendaritzarekin batera, hainbat dokumentazio prestatu eta aurkeztu dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusian.

Zerbitzu juridikoen B plana, STATen ezezkoaren ondoren

Hala ere, tramitazioa uste baino gehiago luzatzen ari da. Urriaren hasieran adostu zuten hiru sindikatuek eta zuzendaritzak greba amaitzea, baina akordioa ez zuten berretsi ez STAT ez LAB sindikatuen afiliazioek.

Akordioa homologatzeko prozesua luzatzen ari STATek ez duelako babestuko. Epaileek sindikatu guztien adostasuna exijitu dute, enplegua erregulatzeko espedientea bertan behera utzi baitzuten uztailean.

Gauzak horrela, epaileek ez dute automatikoki onartu kaleratuen onarpena, baja boluntarioak eta aurreerretiroak, bi arrazoi direla medio. Alde batetik, Enplegua Erregulatzeko Espedientea bertan behera utzi zutelako uztailean eta, bestetik, sindikatu guztiek ez zutelako akordioa sinatu.

Egoera horrek langile inplikatuak kaltetzeko arriskua ekarri du -besteak beste, esparru fiskalean- eta bestelako bideak topatzen saiatu dira zerbitzu juridikoak.

Zentzu horretan, LABek adierazi zuen prest egongo zela sinatzeko eta babesteko, akordioari dagokionez, kaleratuen itzulera eta aurretik erretiratu nahi diren eta boluntarioki joan nahi direnen irteera. Hori bai, hori bakarrik babestuko luke sindikatu abertzaleak, akordioak jasotzen dituen gainerako puntuekin ez baitaude ados. "Ez dugu bat egiten postu aldeketekin eta lanaldia luzatzearekin, besteak beste, eta lan hitzarmena ez betetzea ekarriko duten bestelako puntuak ere ez ditugu onartuko", adierazi du Sergio Zaballa zentral abertzalearen ordezkariak.

STATen ezezko borobila

LABen baiezko mugatuarekin, orain gauzatu duten izapidea, bereziki, STATen ezekoak behartua izan da. Sindikatu horrek eutsi dio bere afiliatuek adierazitako iritziari akordioari buruz (ezezkoa bozkatu zuten) eta, ondorioz, ezinezkoa izan da hori homologatzea. STATen erabakiak zenbait sindikaturen gaitzespena ekarri du, CCOOrena, esaterako. 

Tentsioa

Azken asteotan tentsio puntua sortu du prozesuak sindikatuen artean, bereziki, zenbait komunikabidek plazaratu zutelako akordioa apurtuta zegoela, nahiz eta egia ez izan. 

Ezinegona eragin duen beste aldea izan da enpresak mehatxua egin zuela berriro; akordioa homologatu ezean, Madrilgo Auzitegi Gorenean jarritako helegiteak ez zituela erretiratuko aipatuta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide