Bor-bor dago sormenaren eltzea Aiaraldean. Azaroaren 20an Faktorian eginiko "Aiaraldeko Emkaume* Sortzaileen Azoka" izan zen horren lekuko. Bor-bor Feminismo Faktoriak sustatuta, 14 tokiko ekoizle elkartu zituen lehenbiziko edizioak; baina bailaran beste hainbeste artista daude. Tokiko emakume sortzaileen lanei ikusgarritasuna emateko eta elkarlan zein elkar ezagutzeko espazio edo foroak sortzeko proposatu zuten azokaren dinamika. "Aiaraldeko emakume* sortzaileen katalogoa osatu eta zabalduko dugu datozen asteetan", zehaztu dutenez. Emakumeak euskaraz eta feminismotik saretzea dute helburu, eta abiapuntua baino ez zen izan asteburuko merkatua. Izan ere, urtaroka herriz herri mugituko dute ekimena.
Eskualdean ez ezik, Euskal Herri mailan ere ari dira "eskuz eginaren balioa" bistaratzeko proiektuak agertzen. Horren adibide da Dinagu kolektiboa. Leire Aiertzagunenaga kidearen arabera, "Emakume sortzaileak ahalduntzea, ikusgarritasuna ematea eta ahizpatasunetik saretzea da Dinaguren helburua, euskaratik eta feminismotik sare berdinean osatzea ibilbidea". Aiaraldean ere antolatu nahi dute 'Dinagu. Nomadak gaittun' ekimena 2022an, gainera.
Balioz josita
Aiaraldeko emakume* sortzaileen lanetan, euren kreatibitateaz gain, baloreak eta balioak dira nagusi. Izan ere, artista askok jasangarritasunari edota birziklapenari ematen diote garrantzia, euren lehengai edo produktuak aukeratzean. Horietako bat da Celia Cuadra. 'Olaja' markapean zabortzat hartzen diren materialekin eraikitzen ditu eguzki-loreak, lanparak... arraultza-ontziekinkasu. Maialen Gineak, berriz, Biko izenarekin arropa "jasangarriak" ekoizten ditu: "Kotoi organikoa erabiltzen dut beti, arropa nik margotua edo Euskal Herrian serigrafiatua da, jantzi hornitzaileetan langileen baldintzak ere hartzen ditut kontuan". Oihane Barrosok, aldiz, plastikoa gehiegi kontsumitzeko joerari aurre egiteko erabaki zuen Iruma proiektua sortzea: "Adur zapiak, zorroak... Umeak izan nituenean ohartu nintzen zer nolako kontsumo ohitura dugun".
Kontsumo arduratsua sustatzeko eta gehiegizko plastiko kontsumoa ekiditeko eskaintza zabala dago Aiaraldean, emakumeen lan eta jakintzaren transmisioari esker
Sorpresa egitasmoak, berriz, euskara erdigunean jartzeko apustua egin zuen. Iraia Aspuru Respaldizak eta Laura Saratxaga Zaratek munduratu zuten marka, eta euskarazko mezudun opariak dituzte ardatz: "Inguruan haurrak jaiotzen hasi ziren, eta ez genuen euskaraz oparitzeko ezer topatzen. Lagunei oparitzeko ekin genion gauzak sortzeari. Interneten zintzilikatu genituen lanak, eta ekainarekin batera irakasleak eskertzeko opari eskaerak hazi ziren". Gaur egun, euskarri eta produktu andana dute esku artean, euskal hizkuntza bultzatzeko asmoz: "Oparietan euskarari ez zaio ematen duen garrantzia, orain dena dago ingelesez, eta ahaztu egiten zaigu guk hemen hizkuntza bat dugula, eta oso polita gainera".
Ez da kasualitatea joskintza proiektuak dituzten aiaraldearrek etxetik jaso izana zaletasun edo jakintza. Hiru egitasmoak, esaterako, Aintzane eta Marian Rojo ahizpak eta euren Irune Chavarri ama saretu ditu; eta oihalekin egiten dute lan buru zapiak, poltsak zein mototsekoak ekoizten. Leike ere, ama eta amonarengandik jasotako ezagutza eskertzeko modua da, Garazi Dorronsoro Garateren esanetan: "Leike hitza erabiltzen zuten bakoitzak bere euskalkian amak eta amonak. Nik argi neukan emakumeen proiektua izatea nahi nuela eta emakumeak saretzeko erabil zitekeela marka hau". Pandemiak sorkuntza areagotu du, haren hitzetan: "Geroz eta jende gehiago ari gara gauzak sortzen, pandemiak eta etxean egon beharrak izugarrizko gorakada eragin du". Presioa ere sentitu dutela aitortzen dute Leikeko kideek, hala ere. Auxi Angulo Alcaideren ustez, "esku -lan eta artisauen mundua geroz eta gehiago zabaltzen ari da, eta eskaintza handia dagoenez zaila da zure burua kokatzea. Guk presioa eta babesa izateko erabaki genuen elkartzea".