ARGAZKI KRONIKA

Indarkeria matxistaren aurkako aldarriz blai utzi du azaroaren 25ak Aiaraldea

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko aza. 25a, 20:30

Ekitaldi ugari antolatu dira eskualdean, Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren harira. Arratsaldean egin dira mobilizazio gehienak.

Indarkeria matxistaren aurkako aldarriz bete da gaur Aiaraldea. Goizean goizetik egon dira ekimenak deituta. Batetik, Ikamak eta Otsemeakek gazteei begirako tailerrak egin dituzte. Bestetik, zenbait udaletan adierazpen instituzionala irakurri dute. Dena den, arratsaldean pilatu dira deialdi gehienak. 

18:00etan, esaterako, Okondoko muralaren aurkezpena eta elkarretaratzea egin dute Kultura Etxean. Modu parte hartzailean osatu dute margolana, eta elkarlanean margotu dute azken egunetan. Hala, ahalduntzeari lotutako mezuz josi dute frontoi ingurua. Horien artean, Kristina Izagirre okondoarrak diseinatu eta gauzatutako hormairudia topatu daiteke.

Ordu berean izan da Aiarako hitzordua ere. Ohi gisa, Ferialean elkartu dira aiararrak protesta egiteko

Guztira 8 herritan deitu dituzte mobilizazioak. Otsemeak zein Otsatik ekimen desberdinak egin dituzte euren herrietan matxismoa salatu eta autodefentsa feminista aldarrikatzeko

Laudion, aldiz, 18:30ean izan da mobilizazioa. Ehundik gora lagunek hartu dute parte, eta Amagoia Elezkanoren bizilekura joan dira segidan. Bertan, minutu bateko isilunearen bidez oroitu dute indarkeria matxistak eraildako orozkoarra. Areta ere izan da ekimenen lekuko, elkarretaratzea egin baitute Santa Ana plazan, umeentzako tailerrekin batera.

Artziniegan 19:00etan hasi dute ekitaldia, herriko talde feministak, Hiriska emakume elkarteak eta udalak deituta. Hala, frontoian zenbait abesti kantatu dituzte eta, irakurketaren ondotik, kazeroladan abiatu dira Alde Zaharrean barrena. Matxismoaren jarrera eta adierazpideekin panpin beltz handiak zintzilikatu dituzte frontoiko pareten artean.

Orozkon ere kontzentrazioa burutu dute Zubiaur plazan. Urduñan, ostera, antzerkia eta kontzentrazioa uztartu dituzte, Foru plazan eta bainuetxean, hurrenez hurren. Dena dela, egitaraua ez da hor bukatu, bihar Emakume Master Cup pilota txapelketaren finalerdiak jasoko baititu hiriak. 

Amurrion, azkenik, 19:30ean abiatu dute mobilizazio nagusia. Otsemeak talde feministak, bestalde, spota sareratu du "autodefentsa feminista" aldarrikatzeko:

Argazkiak: Izar Mendiguren Cosgaya, Txabi Alvarado Bañares, Aimar Gutierrez Bidarte, Aitor Aspuru Saez, Naiara Otaola, Allende Solaun, Asier Rubio eta Samuel Pasandin

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide