Jesurin (Laudio eta Orozko artean) parke eoliko bat eraikitzeko baimena eskatu dio Green Capital Development 147, S.L. enpresak Eusko Jaurlaritzari.
Sei aerosorgailu jarriko lituzkete guztira, 22,5 MWko potentziarekin orotara. Eusko Jaurlaritzak abenduaren 24an egin zuen publiko enpresaren eskaera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Orduan ireki zen epea parke eoliko hori jartzeko interesa duten enpresek eskaerak egin ditzaten. 20 egun izango dituzte horretarako. Horren ostean, hautatutako enpresak 6 hilabeteko epea izango luke proiektua garatzeko.
Orozkoko alkatea kritiko azaldu da proiektuarekin komunikabideetan, eta herri galdeketa bat egiteko asmoa plazaratu du, proiektuak aurrera egingo balu. Hala ere, baliteke udala inolako eskumenik gabe geratzea proiektuaren aurrean, Ingurumen Administrazioaren Lege berria dela medio. Lege horren arabera, Eusko Jaurlaritzak "Interes Publiko Goreneko Proiektu" izendatu ahalko luke Jesurikoa, bere gauzatzea inposatuz. Hain zuzen, arau berri horren aurkako mozioa onartu du Orozkoko Udalbatzak hilabete honetan.
Berriz martxan, hamar urteren ostean
Honakoa ez da energia enpresek Jesuri jomugan duten lehen aldia. 2010. urtean Ganekogorta eta Jesuri mendietan parke eolikoa eraikitzeko baimena eman zuen Eusko Jaurlaritzak. Guascor S.A. enpresak 8 aerosorgailu jarri nahi zituen azken tontor horretan, baina proiektuak ez zuen aurrera egin. Herritar talde batek Jesuri eta Ganekogorta bizirik! plataforma sortu zuen, mobilizazio ugari egin zituzten, eta egitasmoaren aurkako mozioak onartu ziren eskualdeko udaletan.
Gorobelen ere
Jesurikoaz gain, beste proiektu bat ere dago mahai gainean. Gorobelen bi parke eoliko eraikitzeko egitasmoa aurkeztu zuen apirilean Gaztela eta Leongo gobernuak. 21 aerosorgailu kokatuko dituzte guztira eta, zonaldea berez Aiaraldea ez den arren, eskualdeko paisaian eragin nabaria izango luke egitasmoak.