Zaintza publikoaren sistemaren hutsuneak eta eskubide ezak salatzeko greba eguna izan zen 2021eko martxoaren 4an, LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO sindikatuek deituta. Zaintza sektorearen eredu aldaketa aldarrikatu zuten ordukoan.
Aferak Aiaraldean ere izan du eragina, ugariak izan baitira zaintzaren beharra eta sektoreko langileen egoera azaleratzeko antolatutako ekimenak. Artziniegako La Encina nagusien egoitzako beharginek, esaterako, mobilizazioak burutu zituzten apirilean eta maiatzean.
Enpresaren aldetik “langileen aurkako jazarpen kanpaina” salatu zuten; bi beharginen kaleratzea medio, "prekarietatearen aurka borrokatzeagatik". Enpresak, bere aldetik, "errendimendu baxua eta fede txarra" leporatu zien langile horiei, nahiz eta eurek akusazio faltsutzat jo hori. Aiaraldeko Mugimendu Feministaren babesa ere jaso zuen mobilizazioak. Izan ere, zaintza sektorearen garrantzia bereziki azaleratu da COVID-19ak eragindako pandemiaren testuinguruan. Ez, ordea, sektoreka bizi duen egoera eta prekarietatea.
Hain zuzen, giza baliabide faltaz jardun ziren Aiaraldea Komunikabidearekin La Encinako langileak gatazka piztu berritan: "4-5 langileko taldeek ezin dute 50 egoiliarrentzat arreta bermatu". Arreta eta zaintza duina eskatzen zuten, besteak beste, lan hitzarmena duintzeko premiarekin batera.
Artziniegakoa, baina, ez da izan gatazka edo kasu bakarra. Orozkoko Madres Mercedariaseko egoerak ere eman du zer esanik 2021ean. Azaroan, esaterako, kotxe karabanak eta elkarretaratzeak antolatu zituzten Ibarrako zentroaren aurrean eta Zubiaur plazan. Berez, Bizkaiko Foru Aldundia da zerbitzu publiko horren arduraduna, baina hitzarmen bidez Madres Mercedariaseko erlijio-kongregazioaren esku dago kudeaketa, eta enpresa horrek Fundación Aliadosen esku uzten du Ibarrako egoitzaren kudeaketa, Enpresa Batzordeak azaldu duenez. Orain arte indarrean zuten ituna kendu du zuzendaritzak, eta horrek eragin zuzena izan du oporretan, lanaldian eta soldatan, egoera larrituta. Enpresa Batzordeak negoziaketa beharra mahaigaineratu du, baina zuzendaritzak ez du borondaterik agertu. Hargatik ekin diote mobilizatzeari beharginek.
Aiaraldeko Greba Batzordeak, berriz, erdigunean jarri zuen afera 'Haritik tiraka' jardunaldietan. Hain zuzen, Aiaraldeko erresidentzietako langileak, eskoletako jantokietakoak, garbiketa alorrekoak, etxeetako barne zaintzaileak eta Bizkaiko Erresidentzietako borrokak izan ziren protagonista.
Ikerketa abian
Bestalde, Mundubat elkarteak Aiaraldeko, Aguraingo eta Zuiako etxeko langileen egoerari buruzko ikerketa gauzatu du. Amurrioko Kultura Etxean egin zuten aurkezpena 2021eko azaroan, eta bertan plazaratu zituzten sektorearen diagnostikotik eratorritako ondorioak. Adierazi dutenez, aurreneko aldiz egin dute azterketa Araban.
Alabaina, 2018an egin zuten behaketa ere bai, etxeko langileen lan baldintzak eta abar ikusteko eta ezagutarazteko. Ondorioen artean egoera irregularrean lan egiteko proposamenak, Gizarte Segurantzan ezin kotizatzea eta lanarekiko prestigio edota aitortza eza nabarmentzen dira, beste batzuen artean. Soldatan ere agerikoa da injustizia: %100ak aitortzen du jasotzen duen ordainsaria ez datorrela bat eskaintzen dituen zerbitzu orduekin.