373 COVID-19 kasu berri Aiaraldean azken hiru egunetan

Txabi Alvarado Bañares 2021ko abe. 30a, 17:41

Laudion 160 kasu berri detektatu dituzte. / Aiaraldea.eus

Udalerri guztietan nabarmen igo da intzidentzia metatuaren tasa, eta ratio gehienak 2000tik gora daude. 

373 koronabirus positibo berrirekin agurtuko du Aiaraldeak 2021. urtea. Kasu berri kopuru hori detektatu du Osakidetzak azken hiru egunetan, gaur arratsaldean plazaratutako txosten epidemiologikoan zehazten denez. 

Hau da kasuen banaketa udalerrika: 

  • Amurrio: 78 kasu guztira (14 astelehenean, 24 asteartean eta 40 asteazkenean)
  • Aiara: 35 kasu guztira (6 astelehenean, 14 asteartean eta 15 asteazkenean)
  • Artziniega: 7 kasu guztira (bana astelehen eta asteartean eta 5 asteazkenean)
  • Okondo: 9 kasu guztira (2 astelehenean, 1 asteartean eta 6 asteazkenean)
  • Laudio: 160 kasu guztira (44 astelehenean, 52 asteartean eta 64 asteazkenean)
  • Arakaldo: 2 kasu guztira (bana astelehen eta asteartean)
  • Arrankudiaga-Zollo: 14 kasu guztira (4 astelehenean eta bosna astearte eta asteazkenean)
  • Orozko: 34 kasu guztira (5 astelehenean, 15 asteartean eta 14 asteazkenean)
  • Urduña: 34 kasu guztira (5 astelehenean, 16 asteartean eta 13 asteazkenean)

Intzidentzia metatuaren tasak gora herri guztietan

Kasu berri horien ondorioz, udalerri guztietan igo da intzidentzia metatuaren tasa, eta kasu batzuetan gorakada nabarmena izan da. Arrankudiaga dago goiko okerren, 3045,19ko ratioarekin. Hala ere, kontuan hartu behar da udalerri txikia dela, eta azken 3 egunetan 14 positibo izateakgoera nabarmena eragin diola.

Urte amaierako neurriak

Gauzak hala, pandemia hasi zenetik erregistratutako kasu kopururik handienarekin amaituko da 2021. urtea Aiaraldean. EAEn ere antzekoa da egoera: 45.788 kasu berri erregistratu ditu osasun sistema publikoak azken astean, eta 455 pertsona daude ospitaleratuta, 115 ZIUn.

Eusko Jaurlaritzak hainbat neurri ezarri ditu bilakaera horri buelta emateko. Tabernek 1:00etan ixtea da esanguratsuena, baina ezbaian dago arau hori, ostalariek auzitegietara eraman baitute erabakia, eta epaileak jakinarazi du bihar emango duela ebazpenaren berri, urtea amaitu baino ordu batzuk lehenago. 

Eskualdeko udalek ere ekin diote neurriak hartzeari, euren eskumenen barruan. Laudioko Udalak, adibidez, Lamuza parkea itxiko du urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an. Datozen egunetarako programatuak zeuden ekintzetako asko ere bertan behera geratu dira. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide