Laudioko Udalak oharra plazaratu du datozen jaiegunetan Lamuza Parkea itxita egongo dela jakinarazteko. "Kutsatze kopuruak gora egin duenez, eta jende pilaketarik ez gertatzeko, eta Iñigo Urkullu lehendakariak agindutako araudia betetzeko, Laudioko Udalak Lamuza parkea itxiko du datozen jaiegunetan", azaldu du tokiko erakundeak.
Zehazki, urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an egongo da zonaldea itxita. Ekainean ezarri zuen udalak lehenbiziko aldiz parke hori ixtearen neurria, gauetan jende pilaketak zeudela eta.
Laudiokoa ez da horrelako neurri bat hartu duen udal bakarra. Amurrioko Udalak ere Refor industriaguneko parkea ixtea erabaki zuen irailean, ostiral eta larunbat gauetan. Emandako arrazoia, ordea, ez zen pandemia izan: asteburuetan bertan "ekintza bandalikoak" egin direla baizik.