Sei tren zerbitzu kenduko ditu Renfek gaur Bilbo eta Laudio artean, sare sozialetan jakinarazi duenez. 7:15ean Bilbotik Laudiora joan behar zena izan da bertan behera geratzen lehena. 7:48ean, aldiz, ez da atera Laudiotik Bilbora joan ohi dena.
Eguerdian beste hainbat zerbitzu geratuko dira bertan behera:
- 13:35 26566 Bilbo-Urduña
- 14:31 26757 Urduña-Bilbo
- 15:25 26588 Bilbo-Laudio
- 15:59 26593 Laudio-Bilbo
Hala ere, baliteke egunak aurrera egin ahala tren gehiago bertan behera geratzea. Izan ere, Renfe oso denbora tarte gutxirekin ari da informazioa ematen. Eguerdian bertan behera geratuko diren trenak 9:30ean jakinarazi dituzte.
Goizean goizeko zerbitzuek gorabeherak, aldiz, ordu erdiko tartearekin baino ez dituzte jakinarazi.
Soka luzea
Aspalditik datorren kontua da Renfeko tren zerbitzuaren gabeziena, eta 2022an, momentuz, arazoek bere horretan jarraituko dutela dirudi. Atzo, adibidez, 9 tren zerbitzu geratu ziren bertan behera.
Renfe eta Adifeko ordezkari sindikalen arabera, enpresak "nahita" ari dira zerbitzua kaskartzen, zerbitzua "pribatizatzeko" helburuarekin.