Atzo C3 lineako 6 tren zerbitzu kendu eta gero, Renfek beste 9 utzi ditu eskaini gabe gaur. Horrez gain, beste 3 unitatek 20 minutu edo ordu erdiko atzerapenekin egin dute ibilbidea.
Zehazki, goizeko lehen ordutan izan dira arazoak eta hurrengo zerbitzuak kendu dituzte:
- 06:35 Bilbo-Laudio
- 06:54 Bilbo-Laudio
- 07:09 Laudio-Bilbo
- 07:29 Laudio-Bilbo
- 07:55 Bilbo-Laudio
- 08:15 Bilbo-Laudio
- 08:29 Laudio-Bilbo
- 09:25 Bilbo-Laudio
- 09:59 Laudio Bilbo
Izotza, matxurak eta antolakuntza gaitasun falta
Izotza izan da aldaketa horien iturburua. Urduñara heldu behar zen lehenengo trenak ezin izan du bere helburua bete eta barruan bi gidari zeuden (batak Urduñan zegoen unitate bat hartu behar zuen Bilbora eramateko).
#BilboAldiriak #C3 tren hauek kendu egin dira:
— InfoRenfe (@Inforenfe) January 18, 2022
26508 06:35 Bilbao-Llodio
26511 07:09 Llodio-Bilbao
26515 07:29 Llodio-Bilbao
26526 08:15 Bilbao-Llodio
Sindikatuek salatu dute ADIFek eta Renfek ez dutela trebeziarik erakutsi arazoa kudeatzeko eta anabasa 11:00ak arte luzatu dela.
Gidari guztiak lanean
Urte hasieran hainbat zerbitzu bertan behera utzi eta gero, Renfeko zuzendaritzak zabaldu zuen COVID-19 birusak eragindako positiboen ondorioa izan zela dena, gidariak kutsaturik baitzeuden. Ordea, enpresa batzordeko sindikatuek gaur gogoratu diote Aiaraldea Komunikabideari joera hori 2020an hasi zela, 2021ean luzatu zela eta okerrera egin duela aurten. Halaber, langile ordezkariek nabarmendu dute gaur gidari guztiak zeudela beharrean eta egoerak ez duela hobera egin.
Langile ordezkariek berretsi dute urte hasieran zenbait langile gaixotu zirela, baina azpimarratu dute arazo nagusiak direla unitateak oso zaharrak direla eta etengabe matxuratzen direla. Halaber, piezak ordezkatzea ez zaie erraza egiten. Horrez gain, uste dute enpresak ez duela ez borondaterik ez gaitasunik konponbideak topatzeko.