Gaur goizean Bilboko epaitegian Bizkaiko Metalaren sektoreko greban atxilotutako hiru langile pasa dira epailearen aurretik. Horietako batek 3 urteko espetxe eskaera zuen eta onartu du fiskaltzak proposatutako akordioa. Horren ondorioz, urtebeteko zigorra -ez da kartzelan sartu beharko- eta isun ekonomikoa jaso ditu. Beste bi beharginek, ordea, aurrera egin dute absoluzioaren bila, bi urteko zigorrari egin baitiote aurre.
Epaituak babesteko elkarretaratzea egin da epaitegiaren aurrean. Antolatzaileak izan dira, hain zuzen, lan gatazkek azken urteotan eragindako langile auziperatuak. Hori dela medio, Tubacex enpresako behargin auziperatu batek irakurri du testua kontzentrazioan hedabideen aurrean. Enpresa horretako lankide gehiago egon dira mobilizazioan eta Artiacheko grebalariek ere parte hartu dute deialdian.
Tubacexeko langile auziperatuek babesa eskaini diete gaur Bizkaiko Metalgintzako kideei, Bilbon izan baitute epaiketa. pic.twitter.com/1S23aCx9qo
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) January 25, 2022
Irakurritako testuan, grebalari auzipetuek aldarrikatu dute grebak eta protestak guztiz zilegi direla eta salatu dute Ertzaintzak sortzen dituela istiluak mobilizazioetan. Hori dela medio, exijitu diote Eusko Jaurlaritzari bertan behera uzteko abiatutako prozesu judizial guztiak.
Argazkiak eta bideoa: Samuel Pasandin Sanchez