Dinagu kolektiboak Faktorian antolatuko duen 'Nomadak gaittun' azokarako izen-ematea, zabalik

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko ots. 7a, 16:06

Dinagu kolektiboko zenbait kide. / Dinagu

Martxoaren 12an antolatuko du Euskal Herriko Dinagu kolektiboak 'Nomadak gaittun' azoka Faktorian. Otsailaren 13 arte egongo da sortzaileek izena emateko galdetegia betetzeko aukera.

Aiaraldea Ekintzen Faktorian egingo du hurrengo geldialdia 'Nomadak gaittun' azokak. Dinagu kolektiboak iragarri du jada bere hurrengo ekimena sare sozialetan: martxoaren 12an Faktorian elkartuko dira Euskal Herriko emakume sortzaileak. "Badugu geltoki berria eta Euskal Herriko beste probintzia bat zapaltzera goaz, Araba! Emakume Langilearen Egunaren bueltan egingo dugu azoka, martxoaren 12an, eta egun osokoa izango da, 11:00etan hasi eta 18:30ak arte", zehaztu dute.  Xehetasunak aurrerago zabalduko badituzte ere, abiapuntua markatu dute: "Ei! Ez gara bakarrik egongo ez pentsa! Baina detaile guzti horiek jakiteko oraindik pixkat falta da!".

Izena emateko, astebete

"Emakume sortzailea bazara eta nomada izan nahi baduzu, bete gure perfilean aurkituko duzun linkean dagoen galdetegia. Aurreinskripzio orria da, eta bertan datu batzuk eskatuko dizkizuegu. Sortzaile asko egonez gero, ondoren aukeraketa burutuko dugu nomadon azken zerrenda betetzeko", erantsi dute. Hain zuzen, otsailaren 13 arte egongo da apuntatzeko aukera:

May be an image of testua

 

Parte hartzeko baldintzak

Sortzaileen kuota 30 eurokoa izango da. "Diru hori bere osotasunean azoka antolatzera eta Dinaguk elkarte bezala dituen gainontzeko gastuei aurre egitera bideratuko da. Sortzaile bakoitzak noski, kuota ordaindu izanaren faktura jasoko du", erantsi dute. Partaideen hautaketa otsailaren 15ean jakinaraziko dute, baldin eta espazioak ahalbidetzen duena baino eskaera gehiago egongo balira. 

2021eko azaroaren 20an antolatu zuen Faktoriako feminismo ildoak Aiaraldeko emakume* sortzaileen azoka, eta bertan izan ziren Dinaguko kideak euren proiektua aurkezten:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide