Aiaraldeko Ponentzia Sozioekonomikoaren jarduera planari buruzko informazioa eskatu du EH Bilduk

Txabi Alvarado Bañares 2022ko ots. 22a, 13:09

San Anton plazan egin dute agerraldia. / Aiaraldea.eus

Ponentziaren gauzatzean ezarritako epeak betetzen ari ez direla salatu du koalizioak. 

Prentsaurrekoa egin dute EH Bilduko Aiaraldeko hautetsiek gaur goizean Amurrioko San Anton plazan. Aiaraldeko Ponentzia Sozioekonomikoa izan dute hizpide. Iaz onartu zen dokumentu hori Eusko Legebiltzarrean, eta diru kopurua ere zehaztu zen: 26 milioi euro bideratuko dira eskualdea ekonomikoki suspertzera, Berehalako Jarduera Plan baten bidez. 

Baina EH Bilduko kideek ez dute oraindik plan horren berririk. Hori da, funtsean, gaurko agerraldian plazaratu dutena, eta “kezka” adierazi dute, ikusten dutelako behin betiko proiektuak arriskua daukala “leiala” ez izateko eskualdeak behar duen suspertze ekonomikoari dagokionez. 

Itziar Biguri Urduñako alkateak eman ditu gaiari buruzko xehetasunak, Joseba Vivanco Artziniegako gobernuburuarekin batera:

Koalizioko kideek azaldu dutenez, urtarrilean eskatu zuten plana Arabako Batzar Nagusietan, eta erantzunak “alarma guztiak” piztu zizkien. “Izan ere, kontratatutako enpresak dokumentua bukatu ostean Arabako Foru Aldundiari eman zion eta ondoren Eusko Jaurlaritzak, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundien artean sortutako lan-mahaian balioztatu behar zela erantzun ziguten”. 

Horregatik, EH Bilduko kideek salatu dute ez direla ezarritako epeak betetzen ari, eta informazioa eskatu diote lan-mahaiari. “Gardentasuna, parte-hartzea eta erantzukizun politikoa eskatzen dugu, gure eskualdearen etorkizuna jokoan baitago”. 

Hiru urteko ibilbidea

Koalizioko kideek gogorarazi dute eurak izan zirela Eusko Legebiltzarrean ponentzia sozioekonomikoa sortzea proposatu zutenak, “egoera aztertzeko eta talka-plan bat eratzeko”. 

Lehen saiakera hura hauteskundeengatik eten zen, EH Bilduko kideek azaldu dutenez. “Legealdi honetan berriz ekin zaio ponentziari, eta 2021ko azaroan finkatu ziren bai berehalako jarduera bai eta Aiaraldeko plan estrategikoa oinarritzeko irizpideak”.

Talde independentistak dokumentua babestu zuen, berak egindako “ekarpen kualitatibo zein kuantitatibo asko” jasotzen zituela ulertuta. “Horien artean zegoen inbertsioetarako aurrekontua 26 milioi euro arte handitzea”.

Era berean, gaineratu dute EH Bildu bere dokumentu propioa eratu duela: Ernaberri Plana. “Plan estrategiko bat da, eta eskualdearen suspertze ekonomikoa du helburu, beheralako 10 jardueren bidez”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide