ITP Aero PCB enpresari buruzko epaia ospatu dute Tubacexeko langileek, baina zuhurtziaz

Aitor Aspuru Saez 2022ko ots. 24a, 10:20

Sestaora jo zuten Tubacexeko grebalariek ITPko langileekin bat egiteko./ Tubacexeko grebalariak

Atzo publiko egin zen ITP Aero PCB enpresako 83 kaleratuei euren lanpostua itzuli diela Espainiako Auzitegi Gorenak, konpainiak jarritako helegitean. Tubacex enpresako hainbat grebalarik ospatu dute erabakia, baina, aldi berean, Edu Ibernia langile batzordeko presidenteak aipatu du horrek ez duela derrigorrez esan nahi balizko Tubacexeko helegitean gauza bera gertatu behar zenik.

Tubacex enpresako langileen greba luzean eskualdetik kanpoko zenbait bidelagun egon ziren; Petronor, Bilboko Argiak edota ITP Aero PCBko beharginak. Hain zuzen, azken enpresa horren zuzendaritzak hartutako erabakiek aurreratu zuten Tubacexekoak egin behar zuena, eta eskarmentu hori baliatu zuten grebalariek.

Esaterako, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Laudioko eta Amurrioko kaleratzeak nulutzat jo zituenean, Tubacexeko zuzendariek, ITPkoen hautua kopiatu eta ez zieten langileei fabriketara berriro sartzen utzi.

Horregatik guztiagatik, nahiz eta Tubacexeko zuzendaritzak eta sindikatu gehienek akordioa sinatu, eta ondorioz, Espainiako Auzitegi Goreneko helegitea bertan behera utzi, jakin-mina zegoen epaitegi horren erabakiari buruz. Ezustean, atzo jakinarazi zuten ITP Aero PCBko 83 kaleratzeak nuluak zirela; eta, ondorioz, behargin guzti horiei itzuli behar zaie euren lanpostua.

Albisteak harrera beroa izan du Aiaraldeko langile mobilizatuen artean, eta askok sare sozialetan adierazi dute euren poztasuna. Zoriontasuna agertu dutenen dago artean Edu Ibernia Tubacexeko enpresa batzordeko presidentea: "ITP enpresako langileengatik pozik egoteko modukoa da. Gainera, bazen garaia Espainiako Auzitegi Gorenak langileen aldeko epai bat egiteko".

Aurrekariak ez ziren baikorrak 

Zentzu horretan, Ibernia zuhurra izan da: "Gogoratu beharra dago ITPko kaleratzeak baliogabetu baino lehen, Auzitegi Gorenak Alestis Aerospace eta Gestamp enpresetako enplegua erregulatzeko espedienteak ontzat eman zituela. Hortaz, ezin dugu ziurtatu Tubacexeko kasua euren eskuetara helduz gero, nulua ere ebatziko zutenik".

Dena den, Iberniak argitu du momentuz epaia ez dela zabaldu, eta ezin dutela erabakiaren nondik norakoak modu sakonean baloratu. Halaber, ITPko garaipena goraipatuta, ELAko kideak berretsi egin du Tubacexen egindako greba luzea: "Apustu egin genuen kaleratuen alboan egoteko eta guztiak lanera itzultzea lortu dugu. Gure helburuetako bat zen Auzitegi Gorenera ez heltzea, jakinda epaile gehienak kontserbadoreak direla".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide