Amurrio Ferrocarril eta JEZ enpresek albiste ona jaso dute berriki. Izan ere, epaileek absolbitu dituzte eta euren kontrako 2,3 milioi euroko isuna bertan behera geratu da. Dena den, fiskalek oraindik helegitea aurkeztu dezakete Espainiako Auzitegi Gorenean.
Printzipioz, konpainietako zuzendaritzek ez dute sententzia jaso, baina sindikatuek sumatu dute euren aldetik ez dela helegiterik egongo. Dena den, martxoaren amaierara arte ez dute jakingo hori.
2014an hasitako ibilbidea
Laudio eta Amurrioko trenbide ekoizleen kontrako neurriak 2014an hasi ziren, Lehiaren Defentsako Batzorde Nazionaleko teknikariak euren bulegoetan sartu zirenean. Dokumentazio ugari eraman zuten orduan eta 2016an azaleratu zen Balore Merkatuaren Batzorde Nazioanalak 2,3 milioi euroko isuna jarriko ziela.
Enpresen kontrako ikerketa 2014an hasi zen eta 2016an 2,3 milioi euroko isunak ezarri zizkieten.
Berez, eskualdeko bi konpainiei eta Duro Felguera eta Alegria enpresei leporatu zieten kartela osatzea, prezioak adostea eta euren artean ADIFen esleipenak banatzea 15 urtez. Hain zuzen, Amurrio Ferrocarrilek 1.235.000 euroko isunari aurre egin behar zion eta JEZek, aldiz, 1.075.000 euroko zigorrari. Lau enpresek, guztira, 5,64 milioi euroko ordainketa egin behar zuten.
Langileek zain dagokien dirua jasotzeko
Isunak ordaintzeko, enpresek kapital horniketa egin zuten gerora likidezia arazorik ez izateko. Diru horren zati bat, printzipioz, langileena da eta sindikatuek adierazi dute espero dutela kopuru horiek jasotzea.
Edonola ere, langile antolakundeak harremanetan jarri dira euren ekonomilariekin gaia argitzeko. Esaterako, JEZeko zuzendaritzak azaldu die beharginen ordezkariei hasieran milioi bat euro hornitu arren, erdia iazko jardunaldian zenbatu zutela eta ordaindu dietela jadanik. Ondorioz, horniketan soilik 500.000 euro inguru daude eta horren %12,5 da langileena.