EH Bilduk salatu du ponentzia sozioekonomikoan zehaztutako zenbait proiektu desagertu direla

Aitor Aspuru Saez 2022ko mar. 25a, 09:16

Laudioko Lamuza parkeko Kasinoan egin zuen atzo agerraldia EH Bilduk. / Aiaraldea.eus

Koalizioak agerraldia egin zuen atzo Laudion proiektuen zehaztasuna eskatzeko Arabako Foru Aldundiari. Izan ere, EH Bilduk gogor kritikatu zuen gardentasun eta parte hartze falta eta horren eskutik etorri diren ezusteak: aurretik aipatutako egitasmo batzuk desagertu dira, beste batzuk bat-batean azaleratu diren bitartean.

Atzo Aiaraldeko EH Bilduko hainbat ordezkarik agerraldia egin zuten Laudioko Kasinoan. Eskualdeko herri guztietako zenbait zinegotzik eta alkateek hitza hartu zuten Aiaraldeko Suspertze Sozioekonomikoaren Planari buruz aritzeko.

Hain zuzen, koalizioko kideek exijitu zioten Arabako Foru Aldundiari zehazteko zer egingo den lortutako 28 milioi euroekin. Itziar Bigurik -Urduñako alkateak- aipatu zuen: "plana atzerapenarekin dator, parte-hartze faltarekin eta gardentasun faltarekin".

Horren isla da Iñaki Ibarluzeak -Amurrioko zinegotziak- aipatutakoa: "Legebiltzarreko ponentziaren ondorioetan jasota zeuden proiektu batzuen desagerpenak kezkatzen gaitu, adibidez, hiltegi berri baten bideragarritasun-azterlanaren kasua".

Laudio Antzokia finantzatzea ez zegoen aurreikusia Legebiltzarrean egindako eztabaidetan, baina eraikinak dirua jasoko du bere finantzaziorako. Bestalde, ostalaritza eskola irekitzeko proposamena desagertu da.

Laudio Antzokia, ostalaritza eskola edota hizkuntza eskola

EH Bilduk bat-bateko aldaketa horien adibideak azaldu dizkio Aiaraldea Komunikabideari. Esaterako, Legelbiltzarrean osatutako ponentzian Laudio Antzokia ez zen behin ere agertu, baina Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hainbat diru bideratu dute eraikinera.

Halaber, koalizioak adierazi du diagnosi guztietan agertzen zela eskualdean ostalaritza eskola irekitzeko beharra, baina ideia hori desagertu dela. Halaber, hizkuntza eskola ezartzea aurreikusten zen, baina ez da horren berririk izan.

Gardentasun falta

EH Bilduren aburuz , prozedura ez da betetzen ari eta alkate jeltzaleek zenbait proiektu lotu edo baztertu dituzte, hasieran proposatutako lehentasunen inkestak jarraitu gabe. Koalizioak modu horretan ulertzen du egin dela Laudio Antzokiaren finantzazioa edo Laudion Vital Fundazioak iragarri duen hizkuntza eskola.

EH Bilduren konpromisoa

Testuinguru horretan, koalizioak aldarrikatu du herriz herri egingo diola jarraipena Planari, gehienbat, zer egingo den argitzeko eta ponentzian eztabaidatutakoa betetzeko. Horrez gain, exijitu du eskualdeko ikuspegia izango duen egitura sortzea:  “Funtsezkoa da estrategia komun bat diseinatu eta garatzea, eremu guztietan eta eskualde osorako. Estrategia komun baten faltak sortzen dituen zailtasunen adibide garbia sektore turistikoa da. Aiaralderako marka turistiko bat sortzea Aiarako Koadrilaren esku geratzen da, eta Bizkaiko udalerriak kanpo geratzen da”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide