Dena prest Korrikaren 22. edizioari hasiera emateko

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko mar. 28a, 21:45

Prest daude Amurrion Korrikari hasiera emateko. / Aiaraldea.eus

Ostegunean abiatuko da Korrikaren 22. edizioa Amurriotik, eta AEK-k egun osoko egitarau prestatu du herrigunea girotzeko. Aiaraldeko beste hainbat txokotan ere antolatu dituzte hitzorduak euskararen aldeko ekimen erraldoiari ongi etorria emateko.

3 egun besterik ez dira falta hizkuntza gutxitu baten alde munduan egiten den ekimenik handiena Amurriotik abiatzeko. AEK-k gaur aurkeztu du martxoaren 31ari begira Amurrion antolaturiko behin betiko egitaraua.

Egun osoko egitaraua

Goiz goizetik festa giroa izango da nagusi herrian. 10:00etan txupinazoa jaurtiko dute euskaltegitik, eta kale animazioak eta musikak herriko kaleak lehertuko dituzte. Aiaraldea Komunikabideak zuzeneko emanaldi berezia eskainiko du euskaltegitik, eta eguneko protagonista nagusiak igaroko dira kamara aurretik.

Amaurre, Aresketa Ikastola, Mendiko eta Zabaleko ikastetxeetako ikasleek korrika txikia egingo dute Amurrioko kaleetan barrena. Parkean parrillada egingo dute 13:00etan, eta Aldats elektrotxarangak emanaldia eskainiko du 15:00etan.

Amurrioko euskaltegiko sei irakasleek izango dute lehenengo kilometroan zehar lekukoa eskutan eramatearen ardura

Lehenengo kilometroak

Motorrak ondo berotu ostean, 16:00etan egingo dute hasiera ekitaldia Juan Urrutia plazan. Kaitin Allendek eta Neomak taldeak gidatuko dute ekitaldia. Apirilaren 10ean Donostian irakurriko den mezu sekretua lekukoan sartu bezain laster, lehenengo urratsak emango ditu 22. Korrikak. Amurrioko euskaltegiko sei irakasleek izango dute lehenengo kilometroan zehar lekukoa eskutan eramatearen ardura. "Sei lagun horien bidez, lehen kilometro horrek islatuko du, alde batetik, euskaraz bizitzeko kemena; eta, bestetik, Amurrion euskalduntze-lanak tinko aurrera egiteko KORRIKAk hauspo izan nahi duela" nabarmendu dute AEK-ko kideek gaurko aurkezpenean.

Musika eskaintza

Korrikak Amurrio atzean utziko duen arren, jai giroa iluntzera arte luzatuko da udalerrian. Parkean atondu duten karpan Gozategi, Dupla eta Izatefaltsua taldeak arituko, 23:00ak arte.

Ekimen gehiago

Amurrion ez ezik, eskualdeko beste hainbat herrietan ere prestatu dituzte Korrikari ongi etorria egiteko ekitaldiak. Laudion, esaterako, Herri Miña erromeria arituko da Aldai Plazan 21:00etatik aurrera.

Arrankudiaga-Zolloko auzokideek ere jaia antolatu dute Korrikari harrera egiteko. 19:30ean elkartuko dira Arrankudiagako plazan Antxo eta Pantxa pailazoen ikuskizunean. Orkestra elektrotxarangak, aldiz, pintxo-potea girotuko du 21:00etan. 23:15ak aldera hurbilduko dira errepide bazterrera, lekukoaren zain.

Urduñan korrika txikia bertan behera

Lekukoa Urduñatik igaroko ez den arren, Korrika Txikia egingo zuten hiriko ikastetxeetako ikasleek apirilaren 1ean. Eguraldi txarra iragarri dute, ordea, eta ekimena atzeratzea erabaki dute. Aurki jakinaraziko dute ekimenaren hitzordu berria.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide