Bi egun besterik ez dira falta Korrikaren 22. edizioa Amurriotik abiatzeko. Aiara, Artziniega, Okondo, Laudio, Arakaldo eta Arrankudiaga-Zollo zeharkatuko ditu euskararen aldeko ekimen erraldoiak ostegun arratsaldean. Aiaraldea Komunikabideak ibilbidearen nondik norakoak, ordutegiak eta lekuko-eramaileen zerrenda osatu ditu, udalerriz udalerri.
Amurrio
16:30ean abiatuko da Korrika Amurrioko Juan Urrutia plazatik. AEK-ko euskaltegiko sei irakasleek izango dute lehenengo kilometroan mezu ezkutua daraman lekukoa eusteko ardura.
Aiara
17:22ak aldera Aiaran sartuko da Korrikaren 22. edizioa, Izoriatik hain zuzen. Arespalditza, Ibaguen, Menagarai eta Lanteno ere zeharkatuko ditu bere ibilbidean.
Artziniega
32 kilometro egin ostean Artziniegara iritsiko da Korrika, 18:21ean. Lekukoak alde zaharretik bira bat egingo du Burgos aldera abiatu aurretik.
Okondo
Arratsaldea Bizkaia aldean igaro ostean, 22:19ean itzuliko da berriro ere Korrika eskualdera. Lekukoa, ordea, ez da herrigunetik igaroko, eta Zudubiarte baserrira iristean Garateko mendatera abiatuko da. Dena den, girorik ez da faltako Okondoko erdigunean. Izan ere, 16:30ean Korrika Txikia egingo dute eskolako ikasleek, eta 20:00etan txokolatada antolatu dute jubilatuen lokalean; "Korrikaren itxaronaldia atseginagoa egiteko".
Laudio
86 kilometro egin ostean Laudiora iritsiko da Korrika, 23:05ean. Okondori hartuko dio lekukoa Garateko gainean. Herriguneko hainbat kaleetan barrena igaroko da ibilbidea, baita Herriko Plazaren erditik ere.
Areta, Arakaldo eta Arrankudiaga-Zollo
Laudio atzean utzita, Aiaraldeko azken kilometroei ekingo dio Korrikak. Areta izango du lehen geltokia, eta Arakaldora 23:24ean iritsiko da. Azkenik, Arrankudiaga-Zollotik igaro ostean, datorren ediziora arte agurtuko du eskualdea.