22. Korrikaren jarraipen berezia egingo du Aiaraldea Komunikabideak

Erredakzioa 2022ko mar. 30a, 15:43
Uhinak dokumentalaren aurkezpena, Aiaraldea Ekintzen Faktorian. / Aiaraldea.eus

Zuzeneko telebista saioa egingo du komunikabideak bihar Amurrioko Euskaltegitik zuzenean, 10:00etatik 14:00ak arte. Horrez gain, egunaren zuzeneko kontaketa egingo du Aiaraldea.eus atarian eta sare sozialetan. Bien bitartean, argazki lehiaketa eta porra abiatu ditu.

Hastear da 22. Korrika; eta aurtengoan ere ekimenaren jarraipen berezia egingo du Aiaraldea Komunikabideak bailaran barrena. Gainera, Amurrion izango da hasiera jaia eta, ondorioz, eguneko jarraipena are bereziagoa izango da.

Zuzeneko telebista saioa

10:00etatik 14:00etara zuzeneko telebista saioa ekoitziko du hedabideak zuzenean AEKren Amurrioko euskaltegitik. Honako eduki hauek izango ditu saioa:

  • 10:00-11:00 // 'Korrika Hitzekin' mahainguruaren emisioa (Urtsa Errasti, Maite Ibarluzea, Asier Amondo eta Angela Ricorekin Faktorian eginiko solasaldia).
  • 11:00-13:00 // Korrikako eta hasiera jaiko protagonistei elkarrizketak.
  • 13:00-14:00 // 'Korrika kantuz kantu' musika saioa, Nerea Iglesias eta Gorka Chamorrorekin.

Zuzeneko kontaketa

Zuzeneko telebista saioarekin batera hasiko du komunikabideak zuzeneko kontaketa, Aiaraldea.eus atarian eta sare sozialetan. Egun osoaren unean uneko jarraipena egingo du horrela, argazki, bideo edota txioak bilduta.

Argazkiak eta bideoak

Herri guztietako argazki eta bideo-erreportajeak sareratuko ditu komunikabideak, arratsaldeko lehen ordutik gauera arte.

Irudiak bidaltzeko erredakzioa@aiaraldea.com helbidera edo 688 848 152 telefonora (Whatsapp edo Telegram) igorri daitezke mezuak. 

Argazki lehiaketa eta porra bian

Horrez gain, argazki lehiaketa abiatuko du komunikabideak #KorrikaAiaraldean iruditan ere bistaratzeko. Saria 4 lagunentzat afaria izango da, Atxubi tabernaren babesletzari esker. Irabazlea boto bidez erabakiko dute webguneko erabiltzaileek. Parte hartzeko apirilaren 11 arte egongo da aukera:

Bestalde, porra antolatuko du Aiaraldea komunikabideak, lekukoaren mezua nork idatzi ote duen iragartze aldera. Asmatzaileen artean komunikabideko termo eta motxila bana zozkatuko da. 

Atal berezia webgunean

Iritzi zutabeekin eta papereko aldizkari bereziarekin berotu zituen motorrak Aiaraldea Komunikabide Faktoriak 22. Korrikarako. Azken asteetan, eduki andana plazaratu dira atarian, euskara sustatzeko ekimenaren nondik norakoak zein bestelako ikuspegiak plazaratzeko. Horrez gain, Korrikako edizio zaharren bideo andana ere argitaratu du, Iñaki Ibarluzea Ortueta AEK-ko irakaslearen eskutik.

Eduki horiek guztiak ikusgai daude 'Korrika Aiaraldean' atari berezian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide