"Isun oldea" jasotzen ari direla salatu du Tubacexeko Enpresa Batzordeak

Txabi Alvarado Bañares 2022ko api. 11a, 17:37

Ertzaintzak indentifikatutako hainbat herritarrek jaso dituzte isunak, besteak beste. / Iñaki Montes

Enpresa Batzordearen ustez, “langile klasea kikiltzeko” saiakera berri bat da honakoa, “zigor ekonomiko neurrigabe eta justifikaezina baliatuta”. 

“Isun oldea” jasotzen ari dira Tubacexeko langileak, iaz eginiko greba mugagabea dela eta. Hala salatu du Enpresa Batzordeak ohar baten bidez. 

Langileen ordezkaritzak elkartasuna helerazi nahi izan die Tubacexeko lan-gatazkan edo antzeko beste borroka batzuetan (Petronorren, PCBn, Metalaren Sektorean, Artiachen…) parte hartzeagatik auziperatuak izan diren pertsonei. Nabarmendu dutenez, kide horietako batzuei “kartzela zigorrak” eskatu dizkiete, “eta beste batzuei neurrigabeko zigor ekonomikoak ezartzen zaizkie”. 

Enpresa Batzordeak salatu duenez, “bereziki mingarriak” suertatu zaizkie Laudioko Udalak jarritako isunak

Sindikatuen aburuz, “bereziki mingarriak” suertatu zaizkie Laudioko Udalak Tubacexeko langileei jarritako isunak. “Gure ustez, greba batean edo manifestazio batean parte hartzea ezin da delitua izan”, azaldu dute. Euren ustez, “langile klasearen aurkako kriminalizazio saiakera” berri hau ez da kasualitatea, “erabaki politikoa” baizik. 

Enpresen alde lerrokatzea egotzi diote Eusko Jaurlaritzari, “Ertzaintza euren esku jarriz, segurtasun pribatua balitz bezala”. Lan-gatazkak “ordena publikoaren aurkako ekintza” gisa tratatzea ere deitoratu dute: “erakutsi dute haientzat manifestaziorako edo grebarako eskubidea kontrolatu beharreko ekintzak direla, ez babestu beharreko eskubideak”. 

Mozal legearen erabilera ere salatu dute, bide judizial penaletik lortu ezin diren zigorrak ezartzeko baliatzen ari direla ulertuta. “Kongresuan jada indargabetuta egon beharko litzateke lege hori”. 

Isunak eta epaiketak

Tubacexeko lan gatazka amaitu zenetik milaka euroko isunak jaso dituzte Tubacexeko zenbait langilek, enpresa batzordeak edota protestetan parte hartu zuten herritarrek. Horrez gain, hainbat pertsona daude auziperatuta, desordena publikoak edota autoritatearen aurkako atentatua egotzita. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide