#Hitzekin eta hitzik gabe. Hala bukatu dugu 22. KORRIKA. Karmele Jaio Eigurenen mezua lekukoan sartuta abiatu zen martxoaren 31n Amurriotik, harik eta igandean -apirilak 10- Donostian mezu ezkutua ezagutu genuen arte. Agerikoa da KORRIKAk sortutako emozioa, babesa, indarra eta irrika. Ikusten ez dena, ordea, askoz gehiago da.
Agerikoa da KORRIKAk sortutako emozioa, babesa, indarra eta irrika. Euskara bizi duen herria dugu, euskaraz biziko denaren zain, geldi egon gabe
Hamaika ikusteko jaioak gara, dio esaera zaharrak. Hamaika izan dira 2.575 kilometroz Euskal Herria puntarik punta 14 orduko txandaka zeharkatu duten furgonetero zoragarriak. 11 izan gara prentsa eta komunikazio lantaldean karrerari ahotsa, hitza eta irudiak jarri dizkiogun lagunak ere.
24 orduz elkarrekin abestu, babestu eta amestu dugu euskara(z). Eta ez guk bakarrik.
22. KORRIKAn euritan egin dugu dantza,
elurpean bultzatu dugu furgoneta, mara-mara koloreztatu ditugu paisaia zuriak, -7 gradutan ere jaso dugu zuen beroa,
buruhandi eta erraldoien erritmora egin dugu lasterka,
joaldunen ilara artean eman ditugu pausoak,
arraunlariek trainera sorbaldan zutela heldu diogu euskarari, gurpildun aulkiekin batera eman dugu bira, jubilatuak izan ditugu eusteko makil, basozainekin bat aldarrikatu dugu gure hizkuntzak ez duela maldarik,
euskal gorren elkartearekin egin dugu zeinu hizkuntzan hitz, Bizkaiko zubitik eta Albaolatik zeharkatu dugu itsasoa,
bide berde eta gorrietatik pasa dugu lekukoa eskuz esku... Geldiezina izan da, geldiezinak gara.
Baina hori baino gehiago izan da 22. KORRIKA. Pandemiaren ondorioz, 3 urteren ondoren, erdigunean jarri dugu berriro ere euskararen balioa. Emozioz oroituko dut 22. tantodun partida. Historia egin dugu, bai (egunero bezala); baina istorioek egiten dute KORRIKA. Furgonetari bizia 'kimionetak' eman dio (karrera osoan zehar mantenuaz arduratzen den AEKko beterano kuadrila -horietako bik minbizia dute baina ez dute aurten ere hutsik egin-, eta autokarabanarekin eta DJ Bullekin herriz herri musika jartzen ere aritu dira). Zoratu bezainbeste loratu gara. Pozaren KORRIKA izan da, zenbat herri hainbat irri. Izan ere, korrika ez da lasterka bakarrik egiten, KORRIKA hori baino gehiago da: tokian toki egitarauen prestaketa, peto eta kilometro salmenta, herrian herri eragileak zein norbanakoak euskararen aldeko pausoak ematera animatzea, hizkuntza eta jendea zaintzea (furgonetatik lasterkariak laguntzeko zenbat botila eskaini ote dira?), euskararen herrian denok dugula lehen lerroan tokia aitortzea, KORRIKAren ilusioarekin euskara piztea...

Gelditu dira 24 orduz mantso-mantso joandako furgonetaren motorrak. Euskararen herria, baina, martxan dago. Hitzekin edozer lor daiteke, baina pausoak ematea ezinbestekoa da.
Euskararen doakotasuna eta balioa aldarrikatu ditugu bazterrik bazter. Motzean eta hiru hitzetan: zoragarria izan da. EsKORRIKAsko AEK herri hau zein anitza eta geldiezina den erakusteagatik. Bidea ez da hemen bukatzen. Euskara bizitzetik euskaraz bizitzea lortu arte, gora zuek eta gora AEK!
Oharra: KORRIKA amaitzea nahi ez duzuenontzat, hemen dituzue AEK-ren eguneko bideo kronika guztiak: