Boluntario berriak lortzeko kanpaina abiatu dute Amurrioko Babes Zibileko kideek. Baldintza bakarra bete behar da boluntarioa izateko: adinez nagusia izatea.
Taldearekin harremanetan jartzeko bi modu dituzte interesdunek: 620 504 545 telefonora deitzea edo pcivil@amurrio.eus posta elektronikora mezua bidaltzea.
Azaldu dutenez, bi lan-lerro nagusi ditu babes zibilak. Alde batetik, jaietan eta bestelako ekintzetan (mendi lasterketa eta martxetan, adibidez) aritzen dira laguntzaile gisa. Bestetik, laguntza eskaintzen dute desagertutako pertsonen bilaketan edota erreskateetan.
28 urte baino gehiago igaro dira Amurrioko Babes Zibila sortu zenetik, eta aitortza ugari jaso ditu ordutik hona. Udalak omenaldia egin zien boluntarioei 2018an, taldearen 25. urteurrenaren testuinguruan. Hurrengo urtean, aldiz, Bereizgarri Gorria jaso zuten, Eusko Jaurlaritzaren eskutik.