Laneko segurtasun eta osasunaren nazioarteko eguna izango da bihar. Hori dela eta, ekitaldia egingo du Aiaraldeko Greba Batzordeak gaur arratsaldean Amurrion. 18:30ean jarri dute zita, Juan Urrutia plazan dagoen kioskoaren alboan.
Eskualdean azken urteetan egondako lan heriotzak gogora ekarriko dituzte bertan. “Aiaraldeko 9 langilek galdu dute bizia lanean ari zirela azken bi urteetan. Urtea hasi zenetik 21 langile hil dira Hego Euskal Herrian, 1.051 2007tik hona”, gogorarazi dute. Aldarrikatu dutenez, horiek ez da “zifra hutsak”: “Familia eta bizi proiektu osoak errotik suntsitzen ditu prekarietateak”.
Gauzak hala, egoera hori ez normalizatzeko deia luzatu dute, eta horretara bideratu nahi dute gaur arratsaldeko ekitaldia.
29 heriotza Aiaraldean
2007tik hona 29 langile hil dira Aiaraldean lan istripuen ondorioz. 2020a urte bereziki latza izan zen eskualdean, 7 langile zendu baitziren. Aurtengo lehen lan heriotza, aldiz, larunbat honetan jazo zen: Artiacheko behargin bat auto istripuan hil zen gaueko txandatik etxera itzultzen ari zela.