Kultur sorkuntza Aiaraldean

Egurtek sari berria irabazi dute Beñat Saratxagak eta Gentzane Goikuriak, Behark estudioko arkitektoek

Aitor Aspuru Saez 2022ko mai. 26a, 08:20

Larrabetzuko aterpean egindako esku hartzea saritu dute. / Behark

Atzo inauguratu zuten Egurtek Sarien Erakusketa, Euskadiko Arkitektura Institutuan, Donostian. Irabazleen artean dago Last Chance For A Slow Dance diseinua, Beñat Saratxaga eta Gentzane Goikuria arkitektoek Larrabetzun egindako proiektua. Laudio eta Portugaleteko profesionalek bigarren aldiz jaso dute aitorpena.

Euskadiko Arkitektura Institutuak ekainaren 30era arte hartuko du Egurtek Sarien Erakusketa eta Behark estudioak -Beñat Saratxaga laudioarrak eta Gentzane Goikuriak lideratzen duten proiektuak, alegia- protagonismo berezia izango du. Izan ere, Bois/Egurra/Madera - BEM kategorian irabazle izan dira Last Chance For A Slow Dance lanari esker.

Egitasmoak Fugazi post-hardcore taldearen abesti batetik hartu zuen izena eta, zehazki, aterpe bati eman dio bizitza.

Hala azaldu dute arkitektoek: "Larrabetzuko hirigunean estalitako espazio publikoen gabezia ikusita, udaletxearen birgaitze proiektuaren garapen prozesuan, hari atxikitako eraikina ordezkatzeko ideia sortu zen, udaletxea inguratzen duen espazio publikoa osatuko zuen eremu estali eta babestu bat sortzeko. 'Askatasuna' plazak ez zuen estalitako espazio irekirik, Larrabetzuko herriko plaza den eta udalerriko hiri-ehunean garrantzi eta zentraltasun handiena duen espazioa izan arren. Eraikitako aterpeak, bere dimentsio apalekin ere, gabezia hori arintzea du helburu, eguraldi txarretik babestutako espazio bat sortuz eta, aldi berean, irekia, aireztatua, eta argitsua, eta bere arkitektura eta bolumetria dela medio, Larrabetzuren hiri ehunean zalapartarik gabe era isilean integratzen dena".

Saratxagak eta Goikuriak nabarmendu dute eraikinak irudi garaikidea eskaintzen duela baina, aldi berean, tokiko tradizio arkitektonikoa errespetatzen duela, eraikuntzaren zein erabilitako materialen aldetik, baita lehendik zegoen eraikinaren antzeko forma eta bolumena erreproduzitzen duelako ere. Aukeratutako materialek (egurra, harria eta tratatutako harri itxurako hormigoia) ingurunean ondo integratzen laguntzen dute.

Bigarren Egurtek saria

Eraikuntza jasangarria eta egurraren erabilera aitortzen duten sariak dira Egurtekekoak. Azken honekin, Beharkeko kideek bi irabazi dituzte guztira. Lehenengoa Orozkon egindako baserri batekin eskuratu zuten 2014an. Larrabetzuko aterpeari dagokionez, urrian emango diete, Egurtek Nazioarteko Zuraren Arkitektura eta Eraikuntza Foroan.

Urte oparoa

Zorioneko urtea izaten ari da hau Saratxaga eta Goikuriarentzat. Berez, Larrabetzuko proiektua apirilean izendatu zuten beste sari bat jasotzeko, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoarena. Gainera, Aiaraldea Ekintzen Faktoria (Behark estudioak ere diseinatutakoa) ere saritu zuten. Alegia, Faktoria ere dago ikusgai Egurtek Sarien Erakusketan, irudi honetan sumatu daitekeenez:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide