ERREPORTAJEA

Emaitza positiboekin agurtzen ari dira denboraldia hainbat talde eta kirolari

Aitor Aspuru Saez 2022ko mai. 28a, 07:00
Denboraldi amaieran emaitza bikainak erdietsi dituzten eskualdeko zenbait kirol talde. / Aiaraldea.eus

Kirol denboraldia amaitzen ari da hainbat diziplinetan eta zenbait taldek lortu dute finaletan edota azkenengo kanporeketetan sartzea igoera fasea jokatzeko.

Maiatza izaten ari da klub eta kirolari askorentzat azken hilabeteetan landatutako hazien uzta jasotzeko garaia. Jakina, lan gogorra beti ez dator emaitzekin bat, arerioek ere badutelako zer esan, baina 2021-2022 denboraldian zenbait klubek mugarria jarri dute euren historian.

Maiatza izaten ari da klub eta kirolari askorentzat azken hilabeteetan landatutako hazien uzta jasotzeko garaia

Ziurrenik, harroena lehiaketak agurtzeko orduan Zaraobe Saskibaloi Taldea izango da. Berez, Amurrioko klubak jokalari mordoa dauzka eta zuzendaritzaren artean ezinegona nabaria da Gasteizko zenbait erakundek duten jokaera dela medio. Alegia, klub historikoek ohitura dute Amurrioko jokalari onenak eramateko eta presidentearen ustez, “neskak oso gazteak dira, egin behar dutena da euren lagunekin jokatu herrian eta ondo pasa”.

Horregatik, hain zuzen, elkarteko sei taldek lauko finala jokatu izanak -txapelketako finalerdiak- mezu argia bidaltzen du; ez da beharrezkoa Gasteizen jokatzea lehiaketaren mamian aritzeko. Zehazki, haur kategoriako taldeek -neskek eta mutilek- lortu dute lau onenen artean egotea, gauza bera egin dute emakumezkoen senior eta junior taldeek. Senior gizonezkoek, aldiz, bigarren postua eskuratu dute ligan. Nabarmentzekoa da haur kategoriako neskek lauko finaleko finala jokatu zutela Araba ahalguztidunaren aurka, baina nahiz eta galdu, Euskadiko Jokoetan neurtuko dituztela indarrak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako talde onenekin. Made Urieta Araskiko entrenatzailearen bisita izan zuten pasa den astean konfiantza hartzeko. Azkenik, aipatzekoa da saskibaloiak urrezko amaiera izango duela Amurrion asteburu honetan. Izan ere, Zaraobeko kadeteek Final Fourra jokatuko dute etxean.

Antzeko egoeran egongo da Sugarrak taldea. Maiatzaren 28an eta 29an klubaren asteburua ospatuko dute eta bere taldeek kantxak hartuko dituzte goizeko 09:30etik 12:30ak arte egun horietan. Horrez gain, zozketak eta lehiaketak izango dituzte, baina bi egun horien osagai nagusia Sugarrakeko junior mutilek jarriko dute. Berez, denboraldi erdian emaitza bikaina lortu zuten kategoria igoera erdietsita, baina hori gutxi balitz, 1. mailan lauko finalera heltzeko gaitasuna izan dute. Hori bada marka ederra, baina asteburuan etxean, Laudioko Udal Kiroldegian, izango dute aukera txapeldunak izateko. Hori bai, bi partida irabazi beharko dituzte eta erronka ez da erraza.

Sugarrakek, bestalde, baditu bestelako arrazoiak nota onarekin amaitzeko denboraldia. Esaterako, Junior kategoriako neskek ere eskuratu zuten txartela lauko finelean egoteko eta Martin Larizgoitia laudioar gaztea hautatua izan zen Euskadiko Selekzioarekin Espainiako Preferente Kategoriako Txapelketa jokatzeko eta bigarren postua eurena izan zen.

Futbolean emakumeek agintzen dute

Eskualdean emakumezkoek protagonismo handia izan dute futbolean. Adibidez, CD Orduñako jokalariek igoera promozioan sartu dira. Azkenean, zazpigarren sailkatu dira eta ez dute kategoria aldaketa gauzatu, baina taldeak zapore onarekin amaitu du. Izan ere, Arbieto gotorleku bilakatu dute eta denboraldi osoan hiru partidu bakarrik galdu dituzte: Basauri Kimuak, Galdakao eta Erandioko nesken aurka.

Altzarrate Kirol Elkartea, bestalde, buru-belarri dago sartuta 2021-2022 denboraldiko azken txanpan. Arabako Kopako ligaxkan hirugarren postua erdietsi ostean, Ansares taldearen kontra erabakiko da igande honetan finalean egongo diren edo ez. Edonola ere, lorpen hori ez da samurra, aintzat hartzen bada klubeko talde nagusia jokalari oso gazteekin osatu dutela eta aurkariek maiz esperientzia handiagoa dutela.

Izen propioak futbolean

Futbol profesionalaren esparruan zenbait izen nabarmendu dira aurten. Adibidez, Asier Benito amurriorra Asteras Tripoli talde greziarra joan zen eta Thaylor Luzanbadio, aldiz, Hibernians Clubera, talde horrekin lortu du laudioarrak hango liga irabaztea eta, bide batez, kontratua luzatu diote beste bi urtez jokatu dezan uharte horretako txapelketa profesionalean.

Iñaki Bea entrenatzaile amurrioarrak Jose Luis Mendilibarrekin osatutako taldea atzean utzi eta Dominikar Errepublikako ardura hartu du bere gain, ez bakarrik talde lehiakorra sustatzeko, baita etorkizuneko oinarriak jartzeko Ameriketako herrialde horretan.

Bestalde, Haizea Castresana marrazainak emakumezkoen ligako elitean konfiantza osoa dauka eta horren adibidea da hautatua izan zela FC Barcelona-Real Madrid norgehiagoka epaitzeko.

Hala ere, dena ez da futbol profesionala eta aipatzeko modukoa da Javier de la Torre Duranaren kasua. 19 urtez CD Orduñan jokatu eta gero, pasa den larunbatean izan zuen bere azkenengo partida Arbieton. 6-1 gailendu zen bere taldea eta urrats garrantzitsua egin zuen kategoriari eusteko, nahiz eta dena azken jardunaldian erabakiko den. Klubak bere ibilbide luzea aitortu zuen eta norgehiagokaren ondoren omenaldia egin zioten.

Eskubaloia

Larunbatean Gasteizko Arriaga Kiroldegian jokatu zuten Laudio Eskubaloiko kimuek Arabako Kopako finala. Corazonistas izan zuten aurrez aurre eta lehenengo zatian emaitza parekatua izan zen. Ordea, bigarren zatian Arabako hiriburuko taldeak gol abantaila lortu zuen eta saria berarentzat izan zen.

Laudioko klubeko arduradunek, edonola ere, nabarmendu dute denboraldi amaiera pozik egoteko modukoa izan dela, hobetu baitute hilabete hauetan.

Bestalde, senior taldeak 2. mailara igotzeko partida jokatu zuen ere asteburuan, eta galdu ondoren, hurrengo fasera igarotzeko aukerarik gabe geratu dira. 

Frontenis

Artziniegarra izan arren, Angela Vadillok Zierbenako Galipa klubarekin egin du proba frontenisean aurten eta emaitzak ezin hobeak izan dira, bere debut urtean Bizkaiko Txapelketako finalerdietan sartu da eta larunbat honetan partida jokatuko du finalean aritzeko.

Denboraldi erdian

Ez da ahaztu behar zenbait kirol, txirrindularitza, esateko, denboraldiaren ekuadorrera ere ez direla heldu eta atletismoan hitzordu garrantzitsuak falta direla oraindik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide