Lapurretak jazo dira gaur gauean Laudioko Ugarte auzoko garage komunitario bateko zenbait trastelekutan. Ertzaintzak 7:00ak aldera jaso du abisua. "2 salaketa jaso ditugu momentuz, eta hirugarren bat tramitatzen ari dira", jakinarazi dio poliziak Aiaraldea Komunikabideari. Salaketen arabera, lapurrek ez dute balio handiko gauzarik eraman, "tresneria apur bat baino ez". Hala ere, bizilagunek adierazi dutenez, auto bat ere ostu dute. Ertzaintza ikerketa abiatu du.
Kasu gehiago
Honakoa ez da aurten Laudion gertatu den mota honetako lehen lapurreta. Otsailean Jose Arrue kaleko sei trastelekutan ostu zuten, eta martxoan berdina egin zuten Aretako urbanizazio bateko 20 biltegitan.
Horrez gain, gaurko lapurreta jazo den blokeko bizilagunek gogorarazi dute martxoan ere sartu zirela lapurtzera, garage komunitario bereko beste solairu batean.