Aretako urbanizazio bateko 20 trastelekutan lapurtu dute

Txabi Alvarado Bañares 2022ko mar. 16a, 13:06
Gertatutakoa ikertzen ari da Ertzaintza. / Aiaraldea.eus

Patricia Bilbao urbanizazioan jazo dira lapurretak. Gertatutakoa ikertzen ari da Ertzaintza. 

Aretako Patricia Bilbao urbanizazioko hainbat trastelekutan sartu dira lapurtzera gaur gauean. “20 trasteleku inguru dira, baina zifra zehatza ez dugu jakingo jabe guztiek salaketa jarri arte”, adierazi dio Ertzaintzak Aiaraldea Komunikabideari. Gertatutakoa ikertzen ari dira dagoeneko. 

Lekukoek azaldu dutenez, hainbat etxebizitza bloke ditu urbanizazioak, eta horietako bitan gutxienez lapurtu dute. Horrez gain, auto batean ere sartu direla aipatu dute. 

Aurrekariak

Azken hilabeteetan antzeko beste lapurreta batzuk egon dira inguruan. Otsailean Jose Arrue kaleko sei trastelekutan lapurtu zuten. Ildo beretik, azken asteetan zenbait ekintza bandaliko egin dira Laudioko establezimendu batzuen aurka. 

Iazko uztailean, aldiz, Elizalde kaleko estankoko erakusleihoa hautsi zuten. Hurrengo hilabetean Santamaria harategian eta Laudioko Udal Igerilekuetan ostu zuten.

Amurrion, aldiz, poliziak pertsona bat atxilotu zuen azaroan, gozoki denda batean lapurreta saiakera egitea egotzita. Abenduan bi pertsona atzeman zituen poliziak. Lehena Urduñan, okindegi batean lapurtzea leporatuta. Bigarrena 18 urteko gaztea izan zen, eta Laudion atxilotu zuten hainbat jende jipoitzeagatik eta lapurretagatik.

Hala ere, egoera ez da larritzeko modukoa. Ertzaintzaren datuen arabera, Aiaraldea da EAEko kriminalitate tasarik baxuenetarikoa duen eskualdea. Hemen ikusi daiteke gaiari buruz Aiaraldea Komunikabideak 2018an eginiko erreportajea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide