'Pirinioetako bidea' ekimena egin zuen Gure Eskuk uztailaren 2an, naziotasuna erabakitzeko eskubidearen alde, Euskal Pirineoetatik Herrialde Katalanetarainoko bidea argituta. Adi mendia egokitu zitzaien aiaraldearrei, eta 100 lagun inguruk hartu zuten parte ekitaldian. Guztira, baina, 300 mendi elkartu zituzten argi fokuekin 'Pirinioetako bidean', horietatik 91 gailur eta 63 gune Euskal Herrian. Modu horretan osatu zuten euskaldunek eta katalanek argi lerro amaigabea Atlantikotik Mediterraneora eta Higer lurmuturretik Creusera. Autobusez zein ibilgailu propioetan bertaratu ziren aiaraldearrak Adiren magalera, eta elkarrekin osatu zuten bidea. Tontorrean, ekitaldi laburra egin zuten, gailurrak argiztatzeko erronka beteta.
Adikoa ez zen izan, ordea, eskualdeko herritarrek eginiko ekimen bakarra. Izan ere, Amurrion, Guk eskulturaren inguruan elkartu ziren egitasmoari babesa adierazteko, eta Orozkon Oderiaga eta Kurtzegain bitartean egin zuten deialdia, lainoagatik bertan behera utzi behar izan bazuten ere.