Elkarretaratzea egin zuten atzo Berriak-BM supermerkatuetako langileek Laudioko saltokiaren aurrean, LABeko sail sindikalak deituta. Lan hitzarmena defendatzea izan zen ekimenaren xede nagusia. Saltoki-kateko langileek 2020an sinatu zuten egun indarrean dagoen lan hitzarmena, hainbat hilabeteetako borrokaren ostean. “Zuzendaritzak ez zuen hori gogoko izan eta, horregatik, lortutako baldintzak bertan behera uzten saiatzen ari da”, salatu du Ludi Temiñok, LAB sindikatuko ordezkariak.
Oporraldiak eta atseden tarteak
Horrez gain, bi aldarri zehatz plazaratu dituzte langileek. Alde batetik, baldintza hobeak eskatu dituzte oporrak hartzerako orduan. “Kasu batzuetan lau pertsonen artean koordinatu behar gara udako oporrak hartzeko, eta horrek ezinezkoa bilakatzen du oporraldi duinak izatea”, azaldu du Temiñok. Gauzak hala, koordinazio hori hiru beharginetako taldeetan egitea eskatu diote enpresari, “gehien jota”. Baina, salatu dutenez, ezezkoa izan da erantzuna, “horretarako jende gehiago kontratatu beharko luketeelako”. Jendea ez dago soberan Berriak-BM supermerkatuetan. “Lanez lepo gaude beti, eta zuzendaritza orain hasi da pertsona estra bakan batzuk hartzen”.
"Zuzendaritzak ez ditu gogoko lortu ditugun lan baldintzak, eta horiek kentzeko saiakerei ekin die"
Atseden tarteak ere jarri dituzte mahai gainean. Temiñok kontatu duenez, pandemia garaian beti hartzen zuten atseden tarte bat kafe bat hartu edo hamaiketakoa jateko. "Lan Ikuskaritzak esan zuen atseden tarte hori ez zela gerora berreskuratu behar. Baina orain enpresak denbora tarte hori berreskuratzea nahi du, langileon lanaldia handituz. Ondorioa argia da: zuzendaritza ez dago kostu ekonomikoa dakarten gauzak asumitzeko prest, legez derrigortua egon arren. Interesatzen denean soilik gara funtsezko zerbitzu”.
Salaketa lan ikuskaritzan
Informazio falta ere salatu dute langileek zuzendaritzaren partetik. “Ez digute oinarrizko informazioa ematen, legez horretara derrigortuak dauden arren”, azaldu du LABeko delegatuak, “gauzak hala, Enpresa Batzordeko kideok salaketa jarri dugu Lan Ikuskaritzan”.
Gainera, enpresak ez du biltzeko aparteko borondaterik erakutsi, langileen ordezkarien arabera. “Berdintasun plana garatzeko soilik bildu dira gurekin, horretara derrigortuta zeudelako. Orain hasi dira bilerak deitzen, mobilizatzen hasi garenean”.
Mobilizazio gehiago egiteko aukera, mahai gainean
Elkarretaratze puntuala izan zen atzokoa, baina ez dute baztertzen mobilizazio gehiago edota lanuzteak egiteko aukera. "Irailean ikusiko dugu egoera bideratu den edo ez, eta horren arabera hartuko ditugu erabakiak”.
Berriak-BM kateak denda bana dauka Laudion, Amurrion, Ugaon eta Bilbon. Iaz batu zen BM supermerkatuen frankiziara. Handik gutxira, borroka ziklo bat piztu zen Amurrioko supermerkatuan, eta orduan ere garaipena lortu zuten langileek, hainbat lanuzte eta mobilizazio egin ostean.