Zumalakarregi etorbidera mugitu du Kulturlab ekimenak azken urtebetean Lamuza parkean garatu duen egitasmoa. Gaur goizean atondu dute bertan ‘Kultura gehiago’ murala, Xabi Gorostiaga diseinatzaileak prestatutakoa.
“Oihu estetikotzat” jo dute ekimena, “egungo gizartean kulturari garrantzi eta baliabide gehiago emateko beharra” aldarrikatzea helburu. 6x2,5 metroko zabalera du irudiak, eta “kolore anitzeko konposizioa” erakusten du, “hondo beltzaren gainean, kolore degradatuko aplikazioak dituzten letren diseinu tipografikoan oinarrituta”. Konposizio horrek ‘+ kultura’ testua osatzen du, aipatutako aldarria zabaltzeko.
Azken hilabeteetako gorabeherak
Prentsa ohar batean azaldu dutenez, ekainean abiatu zuten parkean zeuden itsas-edukiontzietan “esku-hartze artistikoak” egiteko dinamika, baina bertan behera uztea erabaki zuten handik gutxira, Udalak edukiontziak parkearen atzeko aldera eramatea erabaki zuelako.
Kulturlab-eko kideek azaldu dutenez, tokiko erakundearekin bildu ziren gaia lantzeko, eta honek planteatu zien ekimena Zumalakarregi etorbidera mugitzea. Proposamena onartu zuten kultur ekimeneko kideek, alde on zein txarrak zituela iritzita. “Proposamen artistikoak bere izaera arkitektonikoa galtzen du neurri batean, eta bi dimentsioko espazio bihurtzen da, horma-irudi edo koadro baten antzekoagoa”, azaldu dute oharrean, “baina, horren ordez, ikuspen eta presentzia handiagoa lortzen du”.
Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren babes ekonomikoa izango du ekimenak aurten, eta Udalarekin hitzartutako laguntza berriro ere eguneratzea espero dute.
Laudioko Kulturzaleak elkartea dago Kulturlab ekimenaren atzean. Azken urtean egitasmo ugari burutu dituzte Lamuza parkean jarritako itsas edukiontzietan, tokiko sortzaileekin elkarlanean, parkea kulturaren arnasgune moduan egituratu daitekeela aldarrikatzeko. Une honetan, Zumalakarregi etorbideko ekimenaz gain, Inside Out nazioarteko proiektua ere dute martxan. Aurreratu dutenez, datozen asteetan emango dute horri buruzko informazio gehiago.