Osakidetzak pasa den asteko txosten epidemiologikoa plazaratu du gaur eta datuek aurreko bi asteetan agertutako joera positiboa berretsi dute. Hain zuzen, irailaren 12tik 18ra bitartean Aiaraldean 12 positibo baino ez ditu detektatu osasun sistema publikoak. Hau da, urte osoan jaso den daturik onena. Kutsatu gehienak Laudion agertu dira, baina egon dira beste batzuk Amurrion, Aiaran eta Orozkon.
Joerak isla dauka herriz herrikako intzidentzia metatuaren tasan. Izan ere, udalerri guztiek, salbu Orozkok, utzi diote eremu gorrian egoteari eta Artziniega, Okondo, Arakaldo eta Urduña hutsean daude atal horretan.
Datu horiek guztiek esan nahi dute herri guztiek mantendu dituztela euren datuak, okerrera egin gabe (Aiara, Artziniega, Okondo, Arakaldo, Orozko eta Urduña), edo hobetuta (Amurrio, Laudio, Arrankudiaga-Zollo).