Arabako metalgintzako sektorean hasi behar ziren protestak bertan behera geratu dira CCOO, UGT eta LAB sindikatuek aurreakordioa lortu ostean gaur bertan. ELAk uko egin dio agiria sinatzeari, bere ustez, ez duelako KPIa bermatzen eta hobekuntza eskasak gutxiengo batentzat direlako.
Ordea, LAB sindikatuaren aburuz, hainbat aurrerapen egon dira, besteak beste, hurrengoak:
- 8 orduko jardunaldi jaitsiera.
- Soldata igoerak: Atzerapenak: % 2 kategoria baxuenentzat (18.000 eurotik behera) eta % 1,5 besteentzat (18.000 eurotik gora), 2022: %6,5 ◦ 2023: % 3, 2024: %2,5, 2025: %2
- Igoerak eta KPI-aren berrikuspena hitzarmenaren amaieran.
- Antzinatasuna ere igoerei lotuta egotea (izoztuta dago 2018tik).
- Izatezko bikote eta bikote ezkonduen berdintzea baimenetan, medikurako laguntze baimenak Osasun Zerbitzu Publiko guztietara zabaltzea (orain arte soilik Osakidetzarako ziren) eta baimen motzetan lehen eguna lan eguna izan beharra jasota egotea testuan.
Gauzak horrela, asteazkenean, ostegunean eta ostiralean Araban deituak zeuden greba egunak bertan behera geratu dira. Nabarmentzekoa da asteazkenean eta ostegunean Laudion eta Amurrion piketeak eta mobilizazioak aurreikusita zeudela.
Megatech-en eta Superberriaken protestek ez dute etenik
Metalgintza gatazka baretuta, eskualdean ez da ezer amaitu. Izan ere, pasa den astetik Superberriak supermerkatuetako langileak greba mugagabean daude guztien kaleratzeak gelditzeko.
Horri gehitu behar zaio Megatech enpresako hiru eguneko greba. Gaur bertan sindikatuek berretsi dute bihar lanuzteak abiatuko dituztela. Izan ere, gaur bilera luzea egin dute zuzendaritzarekin eta ez dute enplegu bermerik lortu etorkizunera begira. Ondorioz, bihar 05:30ean hasiko dira lanuzteak.