Lan hitzarmena berriaren negoziazioei bultzada emateko, Megatech enpresako langile batzordeak hiru eguneko greba deitu du hurrengo asterako. Irailaren 20an, 21ean eta 22an lantegiko zein bulegoetako txanda guztietako beharginei bideratutako proposamena da.
Neurriak bat egiten du uda hasieran adostutakoarekin. Izan ere, langileek lanuzteak egitea onartu zuten ekainean. Sindikatuek aldarrikatu dute aurreko lan hitzarmena duela 21 hilabete iraungi zela eta geroztik ezarritako erregulaziorako enplegu espedienteek zein inflazioak beharginen erosmen ahalmena murriztu dutela.
Aurrerapausoak, baina ez nahikoak
Langile batzordeak eta zuzendaritzak 20 bilera baino gehiago egin dituzte lan hitzarmenaren korapiloa askatzeko, baina aldeek talka egiten dute bi puntutan: enpleguaren bermea eta inflazioa.
Hitzarmen berriari begira, enpresak uste du espedienteen erabilera dela bermea lanpostuak mantentzeko, eta sindikatuak ez daude horrekin ados. Bestalde, Megatecheko arduradunak prest daude KPIa erregulatzeko, baina ez orain arte sortutako atzerapenak ordaintzeko.
Horri gehitu behar zaio enpresak nahi duela bi lan egun gehiago sartzea egutegian, jantokiko plusa kentzea behargin berriei eta sartzen direnak kategoria baxuagoan egotea.
Akordioa greba baino lehen
Sindikatuek baloratu dute, horrenbeste denbora igaro ostean, 4 orduko lanuzteak edota egun bakarreko greba ez direla nahikoa enpresaren jarrera aldatzeko. Horregatik, hiru eguneko mobilizazioa deitu dute.
Langileei bidalitako komunikazioan, erakundeek azaldu dute malgutasunez jokatu dutela, alternatibak aurkeztuta eta atzo, trukean, "mafioso" deitu diela zuzendaritzak.
Edonola ere, borondate guztia adierazi dute zuzendaritzarekin akordioa lortzeko eta, hori eginda, lanuzteak bertan behera uzteko.